Zisne beltzak, errinozero grisak eta zaborrezko munstroak

Zisne beltzak, errinozero grisak eta zaborrezko munstroak https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/zisne-beltzak-errinozero-grisak-eta-zaborrezko-munstroak/@@download/image/EDITORIALA_zaldibar.jpg
2021/01/15

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Olrait Studio
@studioolrait

Zisne beltzak, errinozero grisak eta zaborrezko munstroak

Zaborrezko Munstroa ‘Zaldibar Argitu!’

Egunotan Nassim Taleb-ek bere teoria azaltzen duen The Black Swan: The Impact of the Highly Improbable liburua oparitu didate. Beltxarga edota zisne beltzaren teoriari buruzko liburu oso argigarria da teoria horren muina, ezusteko gertaera bat deskribatzen duen metafora bat da eragin sozioekonomiko handikoa. Inpaktu handiko gertaera neurrigabea, iragartzeko zaila, eta historiako, zientziako, finantzetako eta teknologiako itxaropen normalen eremutik kanpo dagoena. Adibideak aipatzean honakoak proposatzen ditu: Internet, ordenagailu pertsonala, Lehen Mundu Gerra edota 2001eko irailaren 11ko atentatuak.
Liburua irakurtzen ari nintzen bitartean zera pentsatu nuen: “2020-2021an gertatzen zaigun guztia, pandemia, COVID-19-a, konfinamendua eta abar zalantzarik gabe teoria honen barruan sartuko nuke”. Interneten murgildu nintzen gaian gehiago sakontzeko helburuz eta Taleben azken elkarrizketa batekin egin nuen topo “ez gaude Zisne Beltzaren aurrean” dio berak. Bizi duguna “errinozeronte grisa” da. Horrela deitzen zaie aurre egiten ez diegun arrisku aurresangarriei. Alegia, herrialde edo konpainia batentzako arrisku handiko egoera jakin bat aurreikus daitekeen arren, agintariek, politikariek edota erantzuleek ez diete aurre egiten.
Zisneak, errinozeroak eta era guztietako animaliak alde batera utzi eta gurean izandako adibideekin lotzen saiatu naiz. Gertuko kasu bat etorri zait bat-batean burura: Zaldibar. Zaldibarko zabortegian luiziaren lehen urteurrenaren atarian, Europako Batzordeak Euskal Herrian izan den “hondamendi ekologikorik handiena” ikertzea erabaki du. Gertakariaren inguruko informazio ugari aurkeztu dute Bruselan. Dokumentazio horretan nabarmendu dituzte Verter Recycling enpresaren kudeaketaren inguruko datuak. Izan ere, Europako Batzordeari emandako informazioan zehaztu dute zabortegia kudeatzen zuela 2011n martxan jarri zenetik, eta jarduerak 2,8 milioi metro kubikoko isurketa-ahalmena eta 35 urteko betetze-aurreikuspena bazituen ere, bederatzi urtetan 2,8 milioi tona hondakin pilatu zituela 1,7 milioi metroko bolumenarekin, “edukiaren erdia baino gehiago” eta “aurreikusitako epearen laurdena baino igaro ez zenean”. Hilabete eskas falta da lehen urteurrenerako eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du.
Zisne Beltzaren teoriaren barruan sartzen dute batzuk ezbehar hau, errinozero grisean besteak, kudeaketan irregulartasun ugari azaleratu direlako luiziaren ostean eta horrek frogatzen duelako aurreikusi zitekeen zerbait izan zela. Argi dagoena da erantzukizunak exijitu behar direla lehenbailehen zaborrezko munstro horrek berriro irentsi ez gaitzan.