Zera esan nahi dizut...

Zera esan nahi dizut... https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2018/05/24

 

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Ane Pikaza @anepikaza

Zera esan nahi dizut...

Hartu tartetxo bat denboran atzera bidaia egiteko. Lerro hauek irakurtzen dituzun bitartean zure gorputza zutituko da, atetik irten eta kaleko lehenengo kantoiari buelta emango dio. Hortxe zaude, zure txikitako auzoan. Begiratu inguruko zuhaitzak, errepidea... ba al dabil aspaldi ikusi gabe duzun norbait inguruan? Denak berdin jarraitzen duela dirudi.

Bizitzan ezagutu zenuen lehenengo etxera abiatzen zara ttipi-ttapa. Une batez, atearen aurrean geldirik, bizkar-muina zeharkatzen dizun hotzikarak kokotea laztantzen dizu. Eskua luzatu, atea zabaldu eta ahaztutako usainak barruraino sartzen zaizkizu borborka. Etxeko argiak piztuta daude eta etxean soinuak atzeman dituzu. Telebista piztuta al dago? Sukaldean al da inor? Nor ari da hitz egiten?

Eskubiko oina aurreratzen da eta atzetik ezkerrekoa darraikio lotsati. Mila aldiz zeharkatuko zenuen ate hura, baina sekula ez zinen orain bezain kontziente izan. Barrura zoaz, zure logelarantz abiatzen zara. Bidea begiak itxita egin zenezake, buruz dakizu zenbat pauso dauden zure ateraino. Iritsi eta atearen bestaldean norbait dagoela igartzen duzu. Zirrikitutik begiratzen duzu eta hortxe zaude. Bospasei urteko umea jolasten ari da bere jostailu gustukoenekin. Ez da zure presentziaz konturatu eta momentu batez, txikia molestatuko duzun beldurrez, atzera egiteko gogoa izan duzu. Bitan pentsatu, aukera hau galtzeaz damutuko zinateke. Logelan sartu eta “Kaixo” esaten diozu zuri begira dagoen umeari. Zer erantzun dizu berak? Beldur da ala lasai hartu al zaitu?

Bere ondoan jesartzen zara mugimendu geldoz. Urteak diruditen segundo batzuk isilik ematen dituzue, bata besteari begira. Zu zara bisitaria eta zuri dagokizu zertara etorri zaren azaltzea. Denbora luzea izan da azkenekoz ume horrengandik hain gertu egon zinenetik. Orain dakizuna dakizula, bizitako esperientzia guztiak bizita, zer esango zenioke zure ume horri?