Zenbat buru, hainbat lauburu

Zenbat buru, hainbat lauburu https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/zenbat-buru-hainbat-lauburu/@@download/image/ESAERA_BERRIAK.jpg
2017/06/26
umore-tira

Testua: Beñat Gaztelumendi / Irudia: Unai Gaztelumendi

Zenbat buru, hainbat lauburu

Gizakia omen da burua gehien erabiltzen duen animalia, baina ganadua da “buru”-ka kontatzen duguna: “hainbeste buru dauzka honek ukuiluan, hainbeste buru beste hark zelaian”. Eta ez dakigu zergatik, baina uda iritsi eta turistak ikusten ditugunean ukuiluko abereekin gogoratzen gara: gorputz zati bakoitza eta esne tanta bakoitza zukutu beharreko ondasun gisa hartutako bizidun haiekin. Ez dakigu turistak buruka edo euroka kontatzen ote diren urteko estatistiketan.

Dakiguna da urtea joan eta urtea etorri gure herriak monumentuetara murriztuak ikusten ditugula, gure hizkuntza doinu soil bilakatzen da, gure kultura folklore; dosi txikietan kontsumitzeko moduko ondasun bilakatzen gara gu eta gure bizitzeko moduak. Euskal Herri bat lauburu batera murriztua eta souvenir denda batean saldua. Zerbaitegatik dio esaerak ere “zenbat buru, hainbat lauburu”.