VNS Matrix eta Euskal Ziberfeminismoa

VNS Matrix eta Euskal Ziberfeminismoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2022/03/25

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: @garbinelarralde

VNS Matrix eta Euskal  Ziberfeminismoa


Bikini kill ‘Rebel Girl’

Martxoko elkarrizketa prestatzen ari nintzela, Oihane Iragüen Zabala artistak argitaraturiko Ziberfeminismoa, politika identitarioen desegite eta berregitea artikuluarekin egin nuen topo. Bertan teknologia, artea eta feminismoak osatzen duten hirukoteari buruz hausnarketa oso interesgarria egiten du, eta nola feminismoaren ikuspegitik, errealitatea, teklatua eta arratoiaren bitartez, kolore berrietako pintzelkadaz margotu daitekeen. Artikulu osoa irakurtzea biziki gomendatzen dizudan arren, idatziaren artean izen batek piztu zuen arreta nigan: VNS Matrix, ezagutzen ez nuen kolektibo ziberfeminista aitzindaria.
1991an Josephine Starrs, Julianne Pierce, Francesca Da Rimini eta Virginia Barrattek sortua, beren lanaren bidez, emakumeen eta ziberespazioaren kontrol eta menderatze-diskurtsoak modu subertsiboan zalantzan jarri zituzten. Teknologia gizartearen arau patriarkalei aurre egiteko aukera gisa ikusi zuten. XXI. menderako manifestu ziberfeminista argitaratu zuten eta 1991ko sarearen ezaugarriak zirela eta, fotokopiak erreproduzitzeko teknologia erabiliz banatzen zen manifestua Adelaidako (Australia) kaleetan; arte-galerietan posterrak utzi zituzten, bost metro luzeko karteldegiak kaleetan itsasten zituzten, manifestua posta arruntez bidaltzen zuten eta irrati piratetan igortzen zuten beren mezua. Lehen diatriba hori agertu zenetik, mugimendu ziberfeminista hazten eta norabidez aldatzen hasi zen pixkanaka. Europara ere iritsi zen eta 1997ko irailaren 20an lehen Nazioarteko Biltzar Ziberfeminista ospatu zen.
Nazioarteko ziberfeminismotik, euskal ziberfeminismora egin nahiko nuke, gurean ere garrantzia handiko mugimenduak eta taldeak sortu baitira azken urteotan. 2008an, esaterako, Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministen harira, Blogoneskak sortu zen, euskal blogosfera feminista biltzeko asmoz. 2015etik aurrera #Wikiemakumeok taldea aktibo dago Euskal Herriko hainbat lekutan emakumeak Wikipedian bistaratu eta emakume editoreen ahalduntze prozesuak sustatzen. Euskal Herrian ziberaktibismo feminista mailan proiektu digital hauek ere topatu ditut: Emakundek antolatzen duen Autodefentsa Ziberfeminista tailerra, Pikara Magazine, Faktoria Lila, Klitto!, Andra, Ahots planeta literatura feministaren podcasta, Kirolari gaittun, Gobara edota Berria FM-n Maider Galardiren podcast feminista adibidez. Núria Vergés Donestech kolektiboaren sortzaileak esan zuen moduan, “askatasuna bermatzeko ezinbestekoa da sistema teknologikoa despatriarkalizatzea”.