Urteko hitza (k)

Urteko hitza (k) https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/urteko-hitza-k/@@download/image/ilurstrazioa__abendua_iurdan_gartz.jpg
2020/12/07

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Iurdan Gartziategi
@iurdan_gartz

Urteko hitza (k)

 


ETS ‘Zurekin batera’

 

Inork espero ez zuen egoera harrigarri eta latz batean murgildurik gaude eta 2020a geure bizitzako urterik arraroena izan da. Filmetan askotan ikusi ditugun irudi apokaliptiko horiek, geure egunerokoan txertatu dira eta zaila zaigu oraindik ditxosozko normaltasun berri honetara moldatzea. Urtero, nazioarteko hiztegi edota aldizkari garrantzitsu askok urteko hitza zein den erabakitzen dute. Ingalaterrako Collins hiztegiak adibidez “Lockdown” (konfinamendua) dela erabaki du. 2020ko azken editorial hau beraz, hitz horiei eskaini nahi nieke. Tira, eskaini baino zerrendatu egingo ditut, besterik gabe, norberak erabaki dezala omenaldia merezi duten ala hobe inoiz existitu ere egin ez balira. Horretarako, inolako gizarte baliorik ez badu ere Twitter sare soziala erabili dut: “Orain arte inoiz (ala oso gutxitan) erabili ditugun hitzak, baina 2020an ia egunero erabili edota entzun ditugunak” idatzi nuen azaroa amaieran txio batean. Honakoak jaso ditudan erantzunak:
Konfinamendua, itxialdia, koronabirusa, pandemia, musukoa, PCR frogak, telelana, distantzia-soziala, koarentena, COVID-19-a, ABEE-ak, negazionista, kloro dioxidoa, Wuhan, asintomatikoa, berrogeialdia, herri/udalerri mugakidea, serologikoa, asintomatikoa, etxeratze agindua, ez-festak, saguzar-zopa, online kontzertuak, balkoietako poliziak, 20:00etako txaloak, baheketa masiboa, gel hidroalkoholikoa, Jitsi, Zoom, Meet edo bestelako plataformak, positibotasun-tasa, metatutako intzidentzia, hazkunde esponentziala, konfinamendu perimetrala, alarma egoera, normaltasun berria, telebilera, berragertzea, aerosolak, intzidentzia tasa, SARSCoV2-a, maskara higienikoa, maskara kirurgikoa, FFP2, FFP3, pintxo-pote birtuala, egoiliarra, aireztapena, isolamendua, hidroxiklorokina, komuneko papera, immunea, txertoa, entsegu klinikoa, bigarren olatua, kutsatzea, burbuila, kontingentzia plana, etxealdia, aztarnaria, superkutsatzaile, arrisku-taldea, indize-kasu, heriotza-tasa, seroprebalentzia, test azkar, karga biriko…
Urteko hitza, niretzat, biziki gorroto dudan bat da, ziurrenik 2020a laburbiltzeko baliagarriena: EZIN; ezin familia musukatu, ezin lagunak besarkatu, ezin lehen bezala nahi adina kulturaz gozatu, ezin bidaiatu, ezin hildakoak agurtu, ezin aire freskoa arnastu, ezin lapurtu diguten askatasuna berreskuratu…
Tira, gora animo horiek! Ospatu dezagun 2020. urtea amaitzen ari dela eta “Ezina ekinez egina” esaldia helduleku bezala hartuz, eman diezaiogun ongietorria 2021ari, ziur hobea izango dela eta! –ez dela batere zaila–.