Umorea oso gauza serioa da

Umorea oso gauza serioa da https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/umorea-oso-gauza-serioa-da/@@download/image/editoriala_227.jpg
2021/04/08

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Beñat Rodríguez
@studioolrait

Umorea oso gauza serioa da


Idles ‘War’

Umorea oso gauza serioa da. Bai, egia da. Gogoan izango duzu, noski, lekuz kanpoko txiste txar batek sortutako polemika desatseginen bat. Sartu une batez Twitterrera, eta ikusiko duzu (ia) garrantzirik gabeko meme edota grazia sinple batek mindutakoen armada nola berpizten duen. Zer esanik ez telebistako bakarrizketa zein sketch batean jaurtitako esaldi batek sor lezakeen uholde mediatiko eta kritikoa.
Aitortuko dizut nazkatuta nagoela. 37 urte dauzkat eta sentsazioa daukat 14 urte nituenean baino sentsibilitate maila askoz ere altuagoa dagoela orain umorearekiko. Beti azaltzen da norbait kexuka, eta esaten den guztia neurtzen ibili behar gara etengabe eta uneoro. Ba al du mugarik umoreak? Bai, noski. Azken urteotan, umore kontzeptua zentsura, mugen ezarpena edo zuzentasun politikoa bezalako hitz itsusiekin lotzen dugu. Txisteak, sarritan, politikoki zuzena denaren mugetan mugitzen dira, baina komediaren eremuan, testuingurua funtsezkoa dela iruditzen zait. Bakarrizketa bat ikustera bazoaz, umoregileak eta publikoak hitzartzen dituzte muga ikusezin horietan topatzen duzuna adibidez. Biek dituzte kartak mahai gainean eta badakite txiste batek edozein unetan ikusleen arteko norbait mindu dezakeela, baina umorea fikzioa da eta, fikzio gehiena bezala, iragankorra da. Sarah Silverman umoregile amerikarraren bakarrizketa zati bat testuingurutik ateratzen baduzu, Holokaustoaz barre egiten ari dela pentsa dezakezu. Bakarrizketa osorik entzuten baduzu eta batez ere, bera judutarra dela baldin badakizu, orduan guztiz funtzionatzen du.
Ia ezinezkoa da umorea egitea inor iraindua edo minduta sentiarazi gabe. Tira bai, telebista publikoan bereziki ikusi dugun eta gorroto dudan umore zuri hori erabiliz. Jasanezina egiten zait inor ez mintzeko helburuz egiten den umore zuri inozo hori. Publiko jakin batean funtzionatzen duela nabaria da eta guztiz errespetatzen dut noski, baina umore (oso) beltza, absurdoa, deserosoa edota azidoa maite dugunok beste zerbait nahi eta behar dugu. Batzuek barre egiten dute, eta horrek min handia zein haserrea sor diezaieke beste batzuei. Ados. Nork bere buruari (eta besteei) barre egiten jakitea ala azala tximeleta baten hegoak bezain fina izatea, horra hor kontua. Txiste jakin hori gustuko ez baduzu ez al litzateke errazagoa izango horrelako edukia ez kontsumitzea? Komikoa, ezin da politikoki zuzena denaren zentsuraren morroi izan, eta gehien sutzen nauena, moralaren poliziak ustezko umore-terroristak jazartzea da.
Umorea oso gauza serioa denez, gora umorea. Gora umore beltza eta absurdoa. Gora umore mota guztiak, zer demontre. Gora norbere buruaz barre egiteko gaitasunetik jaiotzen den umorea.