Txisteak 2.0

Txisteak 2.0 https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2019/10/15

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

Ilustrazioa: Irantzu Garcia Agirre
@irantzu_garciagirre

Txisteak 2.0

Atzo gauean ohera sartu eta burura etorri zitzaidan azken hausnarketa, eta gaur goizean esnatu eta etorri zaidan lehena berbera izan direla ohartu naiz: txisteak desagertzen ari dira.
Pentsaera honen eragilea ziurrenik, izara artean sartu aurretik zoragarria eta iraultzailea iruditu zitzaidan bakarrizketa bat izan da eta Netflixen ikusteko aukera izan dudana: Hannah Gadsby komediantearen Nanette bakarrizketa. 70 minututan zehar kanalean zabaltzen den emakumeak umorearen mugez, edota gizonezko zuri heterosexualek kritikak jasotzeko duten gaitasun ezaz dihardu besteak beste. Komedia eta dramaren artean nabigatzen duen bakarrizketa bikaina, lasaitasuna eta tentsioaren arteko joko batean murgiltzen du ikuslea, zer den sinplea eta zer sakona kontzeptuen artean. Ez nuke esango ikuskizun komiko bat denik; monologo iraultzaile bat baizik, boligrafoa eta orri zuri bat hartu eta apunteak hartzeko modukoa. Txistearen inguruko erradiografia, falozentrismoari kritika sakona eta #MeToo mugimenduaren aldeko defentsa sutsua. LGTBIaren inguruko esperientzia bat, baina bere espresio gordin eta autokritikoena erakutsiz.
Baina hilabete honetako orrien artean komediaren arloan mugitzen diren bi protagonista aurkituko dituzula aprobetxatuz (Telmo Irureta eta Jon Plazaola) eta Gadsby-rengandik jaso ditudan belarrondokoei esker, txisteen inguruan hausnarketa txiki bat plazaratu nahiko nuke. Hasieran esan dut txisteak desagertzen ari direla iruditzen zaidala. Ez agian txisteak bere horretan, baina bai hauek igortzeko modua eta batez ere tresnak.
Kokatu zeure burua kuadrillako azken afarian, familiako azken topaketan edota autobuseko bidaia luze horretan; noiz izan zen txiste bat entzun zenuen azken aldia? Ziur kosta egingo zaizula gogoratzea. Barreak sortzeko, orain gailentzen dena mugikorreko pantaila erakustea dela iruditzen zait, YouTubeko azken bideo barregarria erakutsiz edota meme biralena zabalduz, baina “txiste tradizional” baten topatu ditzakegun aurkezpen landuak, korapiloak eta azkenik amaiera barregarri horien erabilpen falta nabari dut azken urteotan.