Pantailak ere euskaraz

Pantailak ere euskaraz https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/pantailak-ere-euskaraz/@@download/image/editoriala_228.jpg
2021/05/11

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Xiker Gurrutxaga

Pantailak ere euskaraz


Chill Mafia ‘31014’

Netflix Euskaraz herritar taldeak agerraldia egin zuen Durangoko Landako gunean. Euskalgintzaren, ikus-entzunezko sektorearen eta euskal komunikazio esparruko eragile askoren babesa jaso du taldeak. Euskarak ere streaming bidezko plataformetan bere lekua izan behar duela azpimarratu dute. Donostiako guraso euskaldun eta euskaltzale batzuen ekimenetik abiarazi zuten baita ere Disney Euskaraz egitasmoa, Disney konpainiari eskatzeko zinema aretoetan zein streaming plataforman ekoizpenak euskaraz emateko; baita erakunde erakunde publikoei eskatzeko Disneyrekin harremanetan jartzeko ere, haur euskaldunen eskubideak bermatuak egon daitezen. Lehengoek apirilaren 15erako 10.000 sinadura lortzearen erronka jarri zuten eta 10.500 sinadura inguru dituzte jada. Abenduaren 3rako 20.000 sinadura lortzea espero dute. Bigarrenak aldiz 5.000 sinadura baino gehiago lortu zituen.
Azkeneko urteotan, nabaria da asko aldatu direla ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak. Telebista tradizionalaren kontsumoa asko jaisten ari dela erakusten dute datuek. Aldiz, ordainpeko plataformen harpidetzak %40 hazi dira azken bost urteotan, eta euskaldunon hamarretik seik edaten dugu iturri horretatik. Plataforma horietan, ez dago ia euskarazko edukien eskaintzarik. Netflixen, adibidez, 3.500 film baino gehiagoko katalogotik lau film baino ez ditugu euskaraz, eta telesailik ez dago bat bera ere.
Ohiko plataforma digitalez gain, hilabete honetako protagonista dugun Nebukaik argi erakusten du Twitch plataformak duen indar eta etorkizun ikaragarria. Baita erreminta arrakastatsu horretan euskarak izan dezakeen presentzia ere. Edozein euskal sortzaileen edukiak zabaltzeko @3000Twitz kontua ireki zuten Twitterren adibidez.
Sarritan aipatzen da haurren hizkuntza eskubideak bermatzeko garrantzitsua dela euskarazko edukiak bultzatzea. Ados nago. Islandiako hezkuntza ministroaren esanetan, “nola eutsiko diozu hizkuntzari, haurrek txikitatik marrazki bizidunak beste hizkuntza batean ikusten badituzte?” Zein harreman izango dute ume horiek, gozagarri zaiena euren hizkuntzan ez badago?. Uste dut Euskal Herriko erakundeei dagokiela euskaldunen eskubideak bermatzea eta horretarako tresna egokiak behar direla. Batetik, Euskal Herriko parlamentuek eskumena daukaten esparruetan, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia legez arautzea eskatzea ezinbestekoa iruditzen zait. Ez daukagu benetako egitura sendorik, Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua behar dugu, ikus-entzunezkoetan euskal hiztunen eskubideak betetzen direla ziurtatzen duen egiturazko tresna publikoa.
Pantailak ere euskaraz nahi ditugu.