Nostalgia tranpatia

Nostalgia tranpatia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2019/02/18

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Ilustrazioa: Pablo García @poleko_nakanixi

Nostalgia tranpatia

Nostalgiaren yonkiak bilakatzeko bidean gaude. Azken urteetan oso modan dagoen kontzeptu hau, ezer berririk eskaintzen ez duen mundu honetan aurrera egiteko, beharrezko droga moduko batean bilakatu dela iruditzen zait. 80ko hamarkadan jaio eta hazi ginenok, sekulako pasioa sentitzen dugu garai hartako film, musika edo jostailuak burura datozkigun bakoitzean.

Ikus-entzunezkoen industriako arduradun eta ekoizle asko zirrara hori guztia aprobetxatu nahian ari direla ere nabaria da. Telesail, film edo joko konkretu horrek atzean sortzen dituen zeharkako etekinak gako bihurtu daitezkeelako. X-files telesailaren itzulera iragarri zutenean, adibidez, askok aurreko denboraldien DVD bildumak erostera joan ziren, estreinatu zuten egunean fresko izateko. Malenkonia kontrolaezinaren menpe zeudenak Star Wars-en kamisetak ere erosten hasi ziren, estreinaldia baino egun batzuk lehenago. Argi dago 80ko eta 90ko hamarkadetan, “produktu” horien zale izan ginenok estreinaldi berriak gertutik jarraituko ditugula, hori bai, gillotina esku artean dugula eta gure eskaera maila oso altua izango dela kontuan izanik, eta hori agian, enpresa erraldoi hauek ahaztu duten zerbait izan da.

25-40 bitarteko adina baduzu, zer sentitzen duzu Elliot, Arale, Sloth edo Marty McFly bezalako pertsonaien izenak entzutean? Kalabaza tripontzia, Dragoi Bola, The Goonies edo Back to the Future bezalako film eta telesailak gogoratzean? edota Game Boy, Master System eta Nintendo hitzak entzutean? Deskribaezina ezta? Ziur nago gaur egungo umeak gose direla horrelako abenturak irensteko, behin helduak direnean oroitzapen berdinak eduki eta beraien Delorean partikularrean iraganera bidaia egiteko. Baina ez edozein preziotan mesedez. Honen kontura, balio gutxiko produktu ugari sortzen ari direla iruditzen baitzait.

Ez al zaizue iruditzen, sarritan, era tranpatian erabilitako nostalgia izaten dela? Entretenigarria baina hutsala, su-artifizial gehiegi baina eduki gutxiegi. Maite dut txikitako une ahaztezin horietara garraiatzen laguntzen nauen edozertaz gozatzea, baina ez gaitezen itsutu, ustezko “omenaldi” horien atzean gauza kaxkarrak ere egiten direlako. “Nostalgia besterik ez da! Zeure gaztaroko turista bat baino ez zara” zioen Sick Boy pertsonaiak Trainspotting 2 filmean...