Martxoaren 8a

Martxoaren 8a https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/martxoaren-8a-1/@@download/image/ilustrazioa_226.jpg
2021/03/10

Ania Sáenz de Buruaga
@ania.saenz.de.buruaga

 

 

Neurria: 10eko txikia

Doinua: hamalau heriotzena I

Bertsoa: Irati Alcantarilla

Martxoaren 8a

1)
Matxismoa ez al da
konfortaren kabi?
Hegoak astintzea
dugu guk gurari.
Berdin zaigu Jon, Aitor
Unai edo Xabi.
Ezin dira eredu
bilakatu, argi,
beldurra dietenak
berdintasunari.

2)
Behin pasatzen hasita
horrenbeste negu
koltxoiean zuloak
egin dizkiegu.
Infernua bihurtu
genezake zeru
hori bai, elkarrekin
baldin bagaude gu,
Jaizkibel konpainia
da horren eredu.

3)
Arrantzale sareak
behin ta berriz landu,
azokako salmentak
behar gisan zaindu.
Baina patriarkatuak
gintuen banandu,
bide egile ginen
tradizioan gu
baina tradizioa,
traizioak jan du.
4)
Gizonak desfilatzen
etxean andreak,
guretzat sukaldeak
zuentzat kaleak,
soldata berdinean
soldaten aldeak
zein kale ixkineko
“piropo” grabeak.
Kolpe gehienak dira
ubeldu gabeak.

5)
Martxoaren 8a
ez da hain arrunta,
irailaren 8an
ere ze burruka.
Pausorik pauso goaz
elkarri helduta,
nahiz eta zazpi aldiz
gauden zapalduta,
zortzi aldiz zutitzen
ikasi dugu ta.

6)
Behar denean gogor
nahi denean malgu,
edabe magikoa
eskutan dakargu.
Izan gaitezen gure
ideien soldadu,
iraultza honek azken
bultzada falta du.
Sekula baino indar
gehiago daukagu.