Kontraesanen koherentzia

Kontraesanen koherentzia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2017/10/31

 

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Mariñe Arbeo

Kontraesanen koherentzia

Atzo dentistaren kontsultan nengoela, txikitako klasekide batekin egin nuen topo. Esan zidanez, sei urte darama dieta begetarianoa egiten eta askoz hobeto sentitzen omen da, kanpotik zein barrutik. Horregatik, lantzean behin, familia bazkariren batean edo Gabonetan, urdaiazpikoa jaten du, egun batengatik ez baita “ezer gertatzen”.

Gaur goizean, amari bisita egin diot eta etxe guztian LED bonbilak jartzen harrapatu dut. Bukatzean negurako erosiko duen pellet berogailuaren modeloa erakutsi eta segituan, emozionaturik, Zarako beherapenetan sei euroan erositako bi kamisetak jantzi ditu. “Sei euro! Ezin nuen utzi!” aldarrikatu du Made in Bangladesh etiketari erreparatu gabe. Etxetik irtetean zabor organikoaren poltsa eramateko eskatu dit, kiratsa botatzen hasi da eta.

Etxean sartu eta nire pisukidea bidezko merkatuko kolonbiar kafe taza goxo bat hartzen ari da, bere Iphone berria konfiguratzen zuen bitartean. Bera bai pertsona solidario eta altruista. Bizpahiru Gobernuz Kanpoko Erakundeen kide da eta hilero-hilero, langabezian egon ala ez, kuota bat ordaintzen du, bere ustetan kaleko eskaleei dirua emateak ez baitu ezer konpontzen.

Hortzak garbitzen ari naizela, Facebookek abisatu dit nire lehengusuak argazki bat igo berri duela bere 30 kiloko txakurrarekin. Bera animaliazale amorratua da, eta bereziki txakurrak maite ditu. Bere etxeak 43m2 ditu eta balkoi txiki bat. Lanaldi osoko lanpostu bat topatu duenez, txakur-paseatzaile bat kontratatzeko iragarkia publikatu du sare sozialetan.

Kaka! Berriz berandu egin zait Instagram eta Twitterren saltseatzen eta bihar lehenengo orduan laser depilazio azken sesioa daukat. Ea denbora ematen didan bazkaldu aurretik Interneten erositako takoiak jaso eta asanblada feministara iristeko!