Jatorrizko hizkuntzan

Jatorrizko hizkuntzan https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/jatorrizko-hizkuntzan/@@download/image/ILUSTRAZIOA_222_Jone_Busil.jpg
2020/11/10

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Jone Busil

Jatorrizko hizkuntzan

 

Alexandre Desplat ‘The King’s Speech’

Filma jatorrizko hizkuntzan ikustea aberasgarriagoa al da? Erantzuna nabaria da: jakina baietz. Aktorearen ahotsari interpretazio mailaren ehuneko oso handia dagokio. Adibide nabarmen bat aipatzearren, Colin Firth The King’s Speech filmean; saiatu bi moduetan ikusten, ikaragarria da aldea. Filma osotasuna da, eta beste norbaiten ahotsak tartean sartzeak zeharo alda dezake jatorrizko sormen lana.
Estatu espainiarrean, 1941. urtean, lege bat ezarri zuten, zeinaren arabera pelikula guztiak bikoiztuta estreinatu behar ziren, komeni ez ziren elkarrizketak zentsuratu ahal izateko. Geroztik bikoizketara ohitu da gizartea eta jatorrizko hizkuntzan ikustearen aurkako argudio ugari entzutera ohitu gara. Nire ustez, filma bikoiztuta ikustea, Zea Mays-en kontzertu batera joan eta Aiora Errenteriak ezpainak mugitzen dituen bitartean, gainetik Pantojak abesturiko bikoizketa bat entzuten aritzea bezala da.
Bai, badakit ez dituzula hizkuntza guztiak menderatzen, baina horretarako sortu ziren azpitituluak. Lerro idatzien bidez adierazten du aktoreak dioena, eta lan originalarekiko errespetua nahiko handia da. Ahalik eta osoen adierazten dute esaten den guztia, ahalik eta xehetasun gehienak kontuan hartuz. “Ni ez noa zinemara irakurtzera”, “Hitzei begiratuz gero, ezin ditut irudiak ikusi”. Hementxe azaleratzen da benetako arazoa: alferkeria. Onartu ezazu, filmak bikoiztuta ikustearen egoskorkeria horren arrazoi nagusia, nagitasun intelektuala da, pasibotasunaren gaixotasunak eragindako beste ondorio bat.
Ahaztu ezin dugun beste elementu garrantzitsu bat, Interneten erabilpen masiboa da, eta egunero irensten ditugun film eta telesailak. Geroz eta ikusle gehiago dira, jatorrizko herrialde jakin batetik datozkigun telesailak ikusi nahi dituztenak. Gazteak dira nagusiki eta jatorrizko hizkuntzaren defendatzaileen armadara batuz doaz pixkanaka. Hizkuntza aldetik prestatuago daude, aurrerapen teknologikoekin batera hezi dira eta horrelako produktuak askoz gehiago eskatzen dituzte, oso ohituta baitaude egunero kontsumitzera.
Beldurra galtzea da gakoa, oso aberasgarria baita ikus-entzunezko produktuak jatorrizko hizkuntzan gozatzea. Munduko jende askorentzat, zinema ikusteko modu guztiz naturala da, urte luzetako ohituretan finkatua. Ikustear dago oraindik zinemaren etorkizunak norantz joko duen, baina momentuz, eta utopikoa dirudien arren, ez al duzue uste, bi modalitate horien artean erabaki behar ez izatea eta momentu oro bi aukerak izatea izango litzatekeela bidezkoena?