Jaio. Zinema. Hil

Jaio. Zinema. Hil https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2020/09/22

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Rubén B. Caballero
@hyung86


Ennio Morricone ‘Cinema Paradiso’

Badakit ez zarela zure momenturik onena bizitzen ari. Ditxosozko pandemia honek sekulako danbatekoa eman dizula. Barne mekanismo hori koipeztatzeko ardura dutenek, badirudi dirua eta etekina besterik ez dutela izan orain arte buruan, eta agian horrek kalte egin dizula epe luzera begira. “Originaltasun falta” dela eta, makina bat egur jasotzen ari zarela ere badakit, baina oraingoz, hori aldera batera utzi behar dut, eskutitz honen asmoa beste bat baita: zuri eskerrak ematea. Urte hauetan guztietan zehar, nire alboan egon zarelako eta egoten jarraitzen duzulako. Bidelagun fin hori, nirekin batera hezi eta hazi zarelako. Zutaz galdetzen didaten bakoitzean, zuregatik zer sentitzen dudan alegia, horretarako hitzik ez dela sortu erantzuten dut, erabat irrazionala dela, logikatik askoz harago doana.
Umea nintzela ezagutu zintudan. Telebista izeneko aparatu karratu baten bitartez, zure unibertso zoragarri horretara gonbidapena eskaini zenidan. Beste planetetan izaki miragarriak zeudela eta horiei esker bizikleta baten gainean hegan egiteko aukera zegoela irakatsi zenidan. Koadro zaharkitu baten kristala deskuiduz hautsiz gero, barruan , pirata maltzur baten altxorra aurkitzeko aukera zegoela. Baita, kapela eta zartailua hartuz gero, abentura izugarriak bizi zitezkeela. Bertako pertsonaiekin sentitzen nuen zirrara, deskribaezina zen. Cinema Paradiso filmaren Totó pertsonaia bezala sentitzen nintzen.
“Gizontxo” bat sentitzen hasi nintzen momentuan, abentura zoragarri horiek, ipuin bortitzetara testigua pasa ziezaieten erabaki zenuen, prest nengoela mundu erraldoi horietako beste atetxo batzuk irekitzen. Genero eta pasadizo ezezagun horietara sarbidea erakutsi zenidan. Zirrararen-tren horren bidaia mugagabeak nahi nituen, ez nuen inoiz bertatik jaitsi nahi. Bideoklubeko bazkide txartela iritsi zen orduan nire eskuetan, a zer garaiak! Orduan deskubritu nuen, mundu horiek, VHS deituriko plastikozko aparatu batzuen barruan kabitzen zirela. Hortik aurrera nire bizitzako ardatz nagusian bilakatu zara. Ezin dut bizitza hau zu gabe ulertu.
Eskerrik asko, nigan izan duzun eragin horrek, nire nortasuna, izaera, jokabidea eta gustuak film horietan islatzean direla ohartu naizelako –eta alderantziz–. 
Zu sendo mantentzea behar dugu. Eutsi mesedez pandemia honek eman dizun zaplazteko erraldoi honi. Ez etsi. Maite zaitugunok jarraituko dugu aretoetara joaten, zure benetako arima bertan dagoelako.