IZAKI AXOLAGABEA

IZAKI AXOLAGABEA https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/izaki-axolagabea/@@download/image/gaztezulo_ILUSTRAZIOA_ione_larrago.jpg
2017/11/30
ilustrazioa

 

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Ione Larrañaga

IZAKI AXOLAGABEA

Badira urte batzuk lagun mina eta biok elkar ezagutzen dugula. Oso antzekoak eta, aldi berean, zeharo ezberdinak garela esango nuke; agian horretan datza gure harreman on eta luzearen arrakasta. Batzuetan lotsa pasaratzen badit ere, egundaino ezagutu dudan pertsonarik autentikoena dela esango nuke.

Bera erabat lotsagabea da, berdin zaio norbaiten aurrean zerbait gustatzen ez zaiola esatea edota gustuko ez duen norbait ez agurtzea, parean badu ere. Ni ordea, arau sozialen protokoloa jarraitu eta deseroso egiten zaizkidan egoeretan irribarretsu eta atsegin mantentzen saiatzen naiz.

Nire lagunak ez dio itxurari garrantzirik ematen. Bost axola zaio azkenaldian ipurdia edota izterrak potoldu zaizkion ala ez, hainbeste maite duen soineko labur hura janzten jarraituko du berdin. Nik berriz, soineko eta gona pare bat armairutik atera ditut dagoeneko. Datorren hilean gimnasioan hasiko banintz, datorren udarako figura lirainagoa izango nuke eta orduan berriz jantziko ditut, horixe baietz!

Hizkuntzekin berdin jokatzen du. Ingelesez tutik ere esateko gai ez bada ere, irratian entzuten duen edozein abestiren letra asmatu eta arnas betean kantatzen –eta musikaren erritmoaz gorputza astintzen – hasten da momentu horretan dagoen lekuan dagoela ere: kalean, denda batean, medikuaren itxaron gelan...

Lotsa pasarazten dit benetan, baina neurri berean miresten dut bere sozializatzeko zein desozializatzeko gaitasuna. Ez da larritzen jende ezezagunaz inguratuta dagoenean, beti bukatzen du norbaitekin solasean eta. Baina kontuz, aurkezpenean sekula ez dizu muxu emango. Ustekabean baten batek masailean muxu bat emanez gero, aurpegia eskuz garbitu egingo du. Bere esanetan, beti nahiago izan ditu sudurrak igurtziz emandako muxuak.

Gezurra badirudi ere, nire lagunak ez du egungo sare sozialen eta pantailen mendekotasunik, momentuz ez duela horren beharrik sentitu dio.

Sumendia bezain intentsua eta sakona, bere unean uneko sentsazioei estuki lotutako izaki axolagabea. Nire kuttuna, bera gabe ez nuke bidea aukeratzen asmatuko.

Nire pertsona kuttun honek 4 urte ditu eta Zuriñe Maguregi du izena.