'Itziarren semea'

'Itziarren semea' https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/itziarren-semea/@@download/image/ELK_karpetaUrdinak-t.jpg
2023/02/10

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

'Itziarren semea'


Pantxoa eta Peio Itziarren Semea

Abesti ugari ezagutzen ditugu kultura herrikoian txertaturik dauzkagunak: Txoria txori, Xalbadorren heriotzean, Aitormena, Lau Teilatu, Sarri, Sarri eta abar. Guztien letrak buruz dakizkigu, eta lehen melodia entzun orduko ozen abesten hasten gara. Sentsazioa daukat, ordea, guztia hain azkar doan gizarte honetan ez diogula behar bezala erreparatzen letra horien atzean dagoen esanahiari. Euskal Herriko mugetatik harago, The Beatles-en Lucy in the Sky with Diamonds adibidez. Doinu hipnotiko horren inizialek azido lisergikoaren akronimoa osatzen dute: LSD. McCartney-k kointzidentzia hutsa dela sarritan errepikatu arren, kondaira ugari sortu dira abesti horren inguruan.
Hilabete honetako GAZTEZULOren gai nagusitik tiraz, tortura alegia, herri ereserki eta batez ere torturaren aurkako ikono bihurtu den Itziarren Semea aipatuko dut. Kasu honetan mezua oso agerikoa den arren, nire ingurukoekin aipatu dudanean askok errepikatu didate “orain arte ez naiz konturatu” esaldia. Gutxi badira ere, despistatuentzat, beraz, honako editoriala.
Pantxoa eta Peio bikotearen kantu ezagunenetarikoa da. 1975ean taldearen izen bera zuen disko bikoitzean argitaratu zen lehen aldiz Itziarren Semea abestia. Hitzak Telesforo Monzonek idatziak dira. Itziarren semea: hori duk mutila! Nihor salatu baino nahiago du hila (…) Zazpi gizon nituen joka inguruan... Makilaz hartu naute ostikoz lurrean... Bainan nik ez dut eman lagunen izenik! (…) Izerdia ta odola burutik behera... Ezpainak urratu ta azazkalak atera... Bainan nik ez dut eman lagunen izenik… Andoni Arrizabalaga ondarroarrak jasandako torturen inguruan hitz egiten du, tratu txar horien inguruan idatzi zituen Telesforo Monzonek. 1966an, Ipar Euskal Herrian Amaia kultur taldea zegoen, besteak beste Pantxoa Carrere eta Peio Ospital partaide zituena. Haiek antolatutako kultur ekitaldi batean ezagutu zuten elkar Monzonek eta abeslari bikoteak. Monzonek izkiriatutako hitzak abesten hasi ziren ordutik aurrera: Itziarren semea izan zen lehen emaitza, eta geroago etorri ziren Lepoan hartu, Batasuna edo Ikastoletako ereserkia, besteak beste.
NAIZ atariko elkarrizketa batean Arrizabalagak berak zera aipatu zuen: “Askotan entzuten dugu abestia, eta emozioa pizten da gure barnean. Mina betiko geratzen da gure barruko txokoren batean”. Zer gaitasun duen abesti batek, ezta? Denboraren iragate gupidagabea zeharkatu eta, lehen egunean bezala, emozioak pizteaz gain, oroimenean arakatu eta norberaren bizipen pertsonal bat berriro ere lehen lerroan jartzeko.