Inspirazioa

Inspirazioa https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/inspirazioa/@@download/image/editoriala_241.jpg
2022/07/05

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: hyung86 @hyung86

Inspirazioa


SOFA ‘Kokodrilua ta bihurgunia kotxia lapurtu eta perretxiko bila duaz’

Editoriala: “Kazetaritzako generoari dagokio, eta argibide-argudiozko testu batek osatzen du, garrantzi bereziko albiste bat azaldu, baloratu eta epaitzen duena. Iritzi kolektiboa da, hedabideen ildo ideologikoaren arabera formulatutako epaiketa instituzionala. Beste modu batera esanda, editoreak albisteei buruz ematen duen iritzia edo iruzkina da, eta editorearen edo editoreen esperientzien arabera idatzitakoa. Egunkarien edo aldizkarien ohiko testua da eta normalean komunikabide bateko iritzi atalaren barruan leku nabarmen batean agertzen da. Askotan, egunkariaren zuzendariak idazten du”. Wikipediaren arabera, hori da editorialaren definizioa.
Zerbait idatzi behar dugunean, eta denoi ikara sortzen digun orri zuri famatu horren aurrean gaudenean, zeinen zaila den geure buruari eragin, ideiak antolatu eta ganorazko zerbait idaztea. Hilabetero editoriala osatzen duten lerro hauek idazteko inspirazio bila nabilenean, oso gutxitan etortzen zaizkit ideiak; mendira joaten naizenean, txakurrarekin paseatzera irteten naizenean, zinema-areto barruan nagoenean, irakurtzen, telebista ikusten, telesail maratoi baten erdian, lokartzeko zorian nagoenean edota esnatzen naizenean, aldiz, klak! entzuten dut eta bat-batean gai zehatz bat jaiotzen da nire garunean: “Honi buruz idatziko dut”. Sigmund Freud-ek “inspirazioa ez badator nigana neu ateratzen naiz haren bila, erdibidera” zioen. Ai, inspirazioa! Behar dugunean etortzen ez dena eta behar ez dugunean etengabe azaltzen dena. Tamalez, lanaren ondorioz idaztera behartuak sentitzen garenean, inspirazioaren inguruan sortzen den erromantizismo hori deuseztatu egiten da sarritan. Onintza Enbeitari Berria egunkarian idazten duen zutabean zera irakurri nion: “Inbidia ematen dit inspirazioaz hitz egiten didan jendeak; batez ere, haren mirariez sinetsita daudenek (…) Kontua da niri ez zaidala gertatzen. Lanaren ondorioz baino ez ditut artikuluak idazten, eta erromantizismorik gabe onartzen dut beti ez direla ederrak izaten. Eta hala ere, lanean jarraitzen dut egunen batean eder-eder bat idatz dezadan”.
Antzeman dezakezuen moduan, hilabete honetan inspirazioak ez du nire etxeko atea jo. Gogotsu jarraituko dut lerro hauek idazten, egunero-egunero orri zuriari aurre egiteak asko laguntzen baitu garuna koipeztatzen. Gary Player golf jokalariak zera esan omen zuen zortea opatu ziotenean: «Zenbat eta gehiago entrenatzen duzun, orduan eta zorte handiagoa daukazu». Bada, lanean eta entrenatzen jarraituko dut (hori bai, abuztuko oporraldien ostean arren).