Ilargiraino eta buelta maite zaituztegu!

Ilargiraino eta buelta maite zaituztegu! https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/ilargiraino-eta-buelta-maite-zaituztegu/@@download/image/editoriala_246.jpg
2023/01/30

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: @irrimarra

Ilargiraino eta buelta  maite zaituztegu!


Pirritx, Porrotx eta Marimotots Maite Zaitut

Beti esan izan dut Berri Txarrak izan dela nire bizitzaren soinu-banda izan den musika sortu duen taldea. 1994. urtean lehen abestiak sortu zituztenetik, 2019ko Nafarroa Arenako azken kontzerturaino, alboan izan baititut beti. 25 urte pasa dituzte oholtza gainean, eta nik 38 dauzkat, atera kontuak beraz.
Baina baieztapen hori guztiz justua ez dela esatera nator. Badelako nire bizitzan presentzia handiagoa izan duen –eta izaten ari den– beste soinu-banda bat. Gitarra, bateria eta baxuaren ordez, sudur gorri, ileorde eta koloretako jantziak dituen hirukote zoragarria da horren egilea: Pirritx, Porrotx eta Marimotots. 35 urteko ibilbidea egin dute eta, mugarri honen aitzakiaz, nostalgiko samar jarri naiz urte hasiera honetan. Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez aktoreek osaturiko pailazo hirukotea 1987ko abenduaren 24an sortu zen, Lasarte-Orian. Ibilbide luze honetan, jakina, ezin ahaztu tartean egon diren Takolo, Pirrutx eta konpainia. Umetan, gurasoekin Galiziara, Saloura edota Lloret de Mar-era izaten nituen auto bidaia luzeetan “Kaixo barraskiloa, kaixo lagun maitea!”, “Amona Josefina…” edota “Salda bero-beroa” birikak lehertu beharrean abesten genituen –Sorotan Bele, Egan, Xabier Lete, Mikel Laboa eta bai, aitortzen dut, Los Pitufos Makineros-ekin batera–. Pentsatuko duzu nerabezaroan pailazoen kontua bazterrean utzi nuela, baina oroitzapen bitxiak ere baditut garai horri lotuak; Amaiur, Eskuetan eta jakina, Maite Zaitut abestiak jai-giroan edota parrandan askotan izan baititut bidelagun.
2020. urtean aita izan nintzen; pentsa, beraz, motxila barruan daramadan sentimenduen koktel horrek zer eragin duen egun. Bi urte pasatxo ditu Gexanek, eta Berri Txarrak-en Beude birako zale sutsuak ibili ziren moduan, oraingoan gu gabiltza Euskal Herri osoko txoko guztiak ezagutzen, pailazo maitagarri hauen aitzakian. Bi urteotan bost aldiz ikusi ditugu, azkena abenduaren 30ean, Zarautzen; eta, aizue, ni pozez zoratzen! Zoragarria da Gexanen begiek dir-dir egiten dutela ikustea eta bere aurpegian txikitan izaten nuen ilusioaren eta poztasunaren printza horiek antzematea. Zoragarria da, oraindik ere, nire barnean, izan nintzen –eta naizen– haurraren zati oso handia geratzen dela jakitea.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots, zorionak 35 urte hauengatik! Nire barnean zuen abestiak ozen entzuten dira, maitasunez eta zintzotasunez egindako musikaren magia betirako baita.
Eskerrik asko gure bizitzaren hasieratik bidelagun finenak izateagatik. Ilargiraino eta buelta maite zaituztegu!