Hari Gorria

Hari Gorria https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2018/10/08

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Ilustrazioa: Ruben Barriga Caballero @hyung86

Hari Gorria

Txinatik datorren kondaira batek dio, ezagutzera predestinatuak dauden pertsona guztiak, hari gorri ikusezin batez loturik daudela. Berdin dio distantzia edo denbora, hari hori ez da inoiz desagertzen eta lotura hori beti mantentzen da.

Hatz batean loturik daukadan hari gorri horietako bat orain urte batzuk ikusi eta sentitu nuen lehen aldiz. Kasu honetan, lotura ikusezin hori ez nuen pertsona batekin sentitu, G hizkiz hasten zen proiektu batekin baizik. Proiektu hori duela 18 urte inguru jaio zen eta geroztik kolore eta era guztietako hariak erabiliz, pertsona ugari lotzeko gaitasuna izan du. Orain bost urte jaso nuen proiektu polit honen zati txiki bat izatearen proposamena. Hari hori, proiektuaren garai hartako ordezkari nagusiak, Aitor Abaroak, jaurti zidan. Kolaboratzaile gisa hasi nintzen nire zinema-telesail zaletasunak sortzen zidan ezinegona, letren bitartez gomendio gisa askatzen.

Baina nire eta hari gorriaren arteko kontua ez zen hor amaitu. Nire barnean zerbaitek esaten zidan proiektu hau eta ni, are gertuago egon behar genuela. Etorkizunean agian, beste une batean agian, baina hari hori geroz eta tentsio gehiagoz sentitzen nuen. 2017a amaitzear zegoela, ezustean hariak sekulako tirakada eman, eta aurrez aurre, GAZTEZULO pegatina itsatsia zuen atearen aurrean kokatu ninduen. Hari honen beste aldean Zuriñe Maguregi topatu nuen. Orduan sartu nintzen erabat, G hizki horren atzean zeuden zirrikitu guztietatik. Erredaktore betaurrekoak ipini eta aurrera! Etapa labur baina bizi horrek hamar hilabete besterik iraun ez dituen arren, hasiera batean bilakatu den amaiera baino besterik ez da izan. Une honetan, lerro hauek idazten ari naizen bitartean, hari gorriaren zaindarian bilakatu naizela ohartu bainaiz.

Datozen hilabeteetan nire barrukoak zurekin elkarbanatuko ditudan arren, zure baimenaz, estreinako lerro hauek eskerrak emateko erabili nahiko nituzke. Eskerrik asko Aitor lehen aukera hori emateagatik eta eskerrik asko Zuriñe, GAZTEZULO munduan sartu eta erakutsi didazun guztiagatik. Zuen testigua hartuko dut eta hari gorriak dakarren erantzukizunaz kontziente, proiektu honek merezi duen bide onenetik eramaten saiatuko naiz, aurretik dudan erronka hau gogoz eta ilusioz bizitzeko prest sentitzen bainaiz. Lasai nago, seguru, indartsu, Nagore, Ane, Agurtzane eta Jaione bidaide izanda, erronka hau oso erraza izango delako eta “txikitasunaren handitasuna” pasioz aldarrikatzen jarraituko dudalako...