GRINEN KOLOREA

GRINEN KOLOREA https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2018/03/09

 

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Nahia Iglesias

GRINEN KOLOREA

[Hurrengo kontakizuna egia bada ere, izen eta kokalekuak eraldatuak izan dira benetako protagonisten identitatea babesteko asmoz]. 

2018ko inauteriak, Barakaldo. Neska-mutil kuadrilla pare bat aste barru jantziko duten mozorroa egiteko materiala erosten ari da. Aurten arraina da aukeratutako jantzia. Bakoitzak kolore ezberdin batez jantziko dela erabaki dugu, talde koloretsua izan dadin: laranja, berdea, arrosa, urdina, morea, gorria...
 
Gorka izan da aukeratzen lehenengoa: “Nik arrosa!” esan du, ezbairik gabe –egoeraren testuingurua dela eta, beharrezkoa da aipatzea Gorka euskal mutil zuri eta heterosexuala dela, baita nire neba ere–. Gainontzekoek, bestelako koloreak aukeratu dituzte, hurrenez-hurren.

“Gorkak arrosa hartu du”, komentatu du neska batek. Lehenengo alarma. “Bai, berari koloreen kontua berdin zaio”, erantzun dut nik –bere jarrera justifikatuz-edo–. Bigarren alarma. “Ba ze ondo, horrela izan beharko luke”, gehitu du beste batek. Egoerak salbuespen kutsua hartu duela iruditu zait. Hirugarren alarma.
 
Inauterien biharamunean, talde argazkiari begira, “nesken” mozorro berbera eramatea erabaki duen mutil bakarra Gorka izan dela ohartu naiz; beste biek tematikarekin lotutako bestelako jantziak nahiago izan dituzte. Laugarren alarma.
 
Genero berdintasunaren aldeko borrokan emakumeok lideratzeko lekukoa badaramagu ere, gizonezkoek betaurreko moreak janztea ezinbestekoa da. Gizon pribilegiatuak eta maritxuloak mugimendu feministan sator baino, bidelagun izan nahi ditut.
 
Mikro eta makromatxismoz inguraturik bizi garen gizarte honetan nahi baino gehiagotan erortzen gara heteropatriarkatutik heredatutako jarreretan. Egunez egun, birplanteatu beharreko egoera berriak sortzen dira, gure ustezko feminismoa kolokan jartzen dituztenak. Nahi baino gehiagotan galdetu diot neure buruari zein den biderik egokiena. Nahi baino gehiagotan saiatu naiz benetako genero berdintasunean oinarritutako testuingurua irudikatzen eta errealitateak zaplazteko batez esnatu nau.
 
Baten batek esango luke ametsek askotan gure grinen kolorea dutela.