Gora pelikulen museoak!

Gora pelikulen museoak! https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/gora-pelikulen-museoak/@@download/image/gazt-editoriala.jpg
2023/11/01

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

Gora pelikulen museoak!


Under Pressure Aftersun

Artea gustuko duzu eta Da Vinci-ren Gioconda edota Van Gogh-en Gau Izartsua margolanak ikusteko amorratzen zaude. Non ikusiko zenituzke, etxeko pantailan ala –aukera bazenu, noski– museoan? Erantzuna bistan da, ezta? Zergatik ez dugu filmekin planteamendu bera egiten? Argi eta garbi esango dizut zinema aretoak pelikulen museoak iruditzen zaizkidala, eta hauek hobekien ulertu, sentitu eta gozatzeko tenplu txikiak direla. Bai, badakit erromantiko eta nostalgiko hutsa naizela, baina sinesmen hori irmoki defendatuko dut beti. Azaroko protagonista den Nagore Portugalekin bat nator esaten duenean “plataforma digitalek eta aretoek elkar ulertu behar dutela, eta biekin bizitzen jakin behar dugun garaian gaudela”, baina ahal den guztietan zazpigarren artea zinema-aretoetan ikusi behar da, kito.
Fede hori azken hariraino eraman nahi izan dugu eta berriki Hernani Zinekluba sortu dugu herrian. Kultura zinematografikoa bere adierazpen guztietan maite eta kalitatezko filmak Hernaniko herritarrekin partekatzeko irrikaz gauden Andrés Daniel Sainzek eta biok sortu dugun proiektua da. Kalitatezko filmak aurkezteaz gain, herritarren artean elkarrizketa, solasaldi eta gogoetak partekatzeko kulturgunea izango da zinekluba, kulturzale guztiei irekia egongo dena. Gure programazioaren ardatza lau puntu zehatzetan oinarrituko dugu: zinema klasikoa, euskal zinema, egile-zinema eta zinema-komertziala, guztiak jatorrizko hizkuntzan azpitituluekin. Kantitateari eta kalitateari dagokienez, aukera zabalak eskaintzen dituzten puntu zehatz horien barruan, emakumeari eta euskarari garrantzi berezia eman nahiko genieke, eta dokumentalak, telesailak edota film laburrak ahaztu gabe.
Iragan urriaren 18an lehen saioa eman genuen Aftersun film zoragarria aurkeztuz. Espero ez genuen harrera izan zuen eta hunkituta gaude. Ze poza, ze emozioa plataforma digitalen garaian herriko zinema aretoa jendez gainezka ikustea! Eskerrik asko bihotzez etorri zineten guztioi. Proiektu hau Sainzek eta biok hasi dugu, baina bidaia hau ikusle guztiekin batera egin nahi dugu, zinema maite dugulako, baina bereziki zinema jendearekin partekatzea.
Gora pelikulen museoak!