Fikzioaren mugak

Fikzioaren mugak https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/fikzioaren-mugak/@@download/image/editoriala-250.jpg
2023/05/08

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Fikzioaren mugak


Taylor Swift The Man

Azken asteotan beldurrezko film guztien gidoiak gainditu dituen albistea zabaldu da. Black Mirror edota The Handmai’s Tale telesaileko atal bateko trama dirudien Ana Obregonen kasuaz ari naiz. Sarritan fikzioa bera baino latzagoa den errealitatea albo batera utziko dut, eta albiste hori aitzakiatzat hartuz, zinemak haurdunaldi subrogatuaren gaia nola jorratu duen aztertu dut azken egunotan.
Horretarako onena telesailak eta filmak ikustea da eta hori da egin dudana. Gaia landu zuten lehen filmak Haragashionna (Koji Wakamatsu, 1968) japoniarra eta The Baby Maker (James Bridges, 1970) izan ziren. Bien kasuan subrogazioaren arrazoia emakumeen antzutasuna zen. Ondoren hainbat nazionalitate eta ikuspegitako filmak iritsi ziren; Hego Koreatik, Sibaji (The Surrogate Woman, Im Kwon-taek, 1987); Ingalaterratik, Firelight (William Nicholson, 1987) edota Alemaniatik Die Geschichte der Dienerin, (Volker Schlöndorff, 1990) esaterako. Tartean proposamen trakets eta inozo ugari topatu ditudanez, denboran jauzi handi bat egin behar izan dut ganorazko adibideak aipatzeko. Lehena, eta nire ustez subrogatutako amatasuna ondoen eta gordinen azaldu duen ekoizpena, The Handmaid's Tale. Telesailen eremutik mugitu gabe eta Friends-i buruz esan beharreko guztia esanda dagoen arren, atal jakin batzuetan jorratzen den gai korapilatsu hau gutxitan aipatu dela iruditzen zait. Phoebe Buffet izan zen, bitarteko ekonomikorik gabe, anaiari laguntzeko subrogazioaren praktika hori aurrera eraman zuen pertsonaia. Gidoilariek erabaki zuten Lisa Kudrowek gorpuzten zuen pertsonaia haurdun geratu behar zela, aktorea bizitza errealean hala zegoelako. Phoeberen haurdunaldia laugarren denboraldian izan zen. Rachelek eta Monicak alokairuko sabel gisa eskaintzeko aukeraz ere hitz egin zuten, eta horixe gertatu zitzaion Monicari azken denboraldian, bera eta Chandler bikotekidea ugalkortasun-arazoak zituztela ohartu baitziren. Hala ere, azkenean ez zen gauzatu haurdunaldi subrogatua, bi haur biki adoptatu baitzituzten.
Horiez gain, Sagrada Familia (Manolo Caro, 2022), La Hija (M. Cuenca, 2021) eta The Nest (Simen Alsvik, 2020). Top of the lake: china girl (Jane Campion, 2017) telesailak eta Adam (Maryam Touzani, 2019), Melody (Bernard Bellefroid, 2014) eta Sole (Carlo Sironi, 2019) pelikulak iruditu zaizkit interesgarrienak eta eztabaidarako zein hausnarketarako bidea zabal dezaketenak.
Errepaso zinematografiko azkar hau egin ostean, eta aipatu ditudan salbuespen horiek dauden arren, oro har, gai honen inguruko film eta telesailak zuriegiak iruditzen zaizkit oraindik. Errealitatetik urrunegi kokatzen direla ondorioztatu dut eta, batez ere, kritika eta hausnarketa sakonagoak behar direla. Haurdunaldi subrogatuak sor ditzakeen albo-kalteak gutxitan azaltzen dira pantailan eta emakumearen aurkako indarkeria mota gisa are gutxiago.