EURIA ATSEGIN DUT

EURIA ATSEGIN DUT https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/euria-atsegin-dut/@@download/image/Ilustrazioa_Ane Zufiaurre.jpg
2017/10/11

 

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Ane Zufiaurre

 

EURIA ATSEGIN DUT

Objektibotasuna: objektiboa denaren nolakotasuna. Objektiboa: norberaren aurreiritzi, interes edo zaletasunen menpe ez dagoena. Pertsonez mintzatuz, objektibotasunez aritzen dena, alderdikerian erortzen ez dena. Adibidez: berriemaile objektiboa.

Nahiko nuke berriemaile objektiboa ezagutu, aurreiritzi gabekoa, inongo interesen menpe jarduten ez duena, neutroa, garbia, eragilerik gabeko izaki jainkotiarra.

Egi absolutuaren teoria zehaztu aurretik, Sokratesek hiru filtroen erabilera proposatu zuen informazioaren funtsezko balorea neurtzeko asmoz: egiatasuna, ontasuna eta erabilgarritasuna. Hau da, ziur al zaude kontatzen dizutena egia dela? Ba al dakizu mezua igortzen duen horren asmoa ona eta zintzoa ote den? Eta entzungo duguna barneratzen hasi aurretik, jasotakoa baliagarria izango zaizula iruditzen al zaizu? Hiruretan baiezkoa bada, zorionak. Filtroa zehaztea baino ez zaizu falta.

Instagramen publikatutako argazkiei vintage kutsu xarmagarria ematen diotenak Nashville edo Valencia deritzotenak dira eta ikerketa batzuek diotenez, sare sozialetan zabaldutako argazki filtrodunek filtrorik gabekoek baino %45 aukera gehiago dituzte elkarbanatuak izateko. Are gehiago, lortzen den emaitzaren arabera, janariak zapore hobea izan dezake.

‘Atsegin dut’ kopuruaz arduratzera garamatzan fikziozko errealitate horretatik aldenduz –beste egun batean komentatzeko–, badira egunero erabili ditzakegun kolore eta forma anitzeko filtroak. Izan ere, sexu edo koloreekiko aurreiritzirik gabe jaiotakoak gara eta gerora erabakitzen dugu jantzi nahi ditugun betaurrekoen kolorea edota opakutasun maila.

Eguraldi ona iragartzen dutenean hondartzarako poltsa prestatzen dugu. Eguraldi txarra egiten duela esatean, ordea, peli-plana antolatzen dugu euri zaparrada botako duelakoan. Zein da eguraldi ona eta zein txarra? Aizu, izan objektibo, nik euria atsegin dut!