Dramarik ez arren, soilik agur...

Dramarik ez arren, soilik agur... https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/dramarik-ez-arren-soilik-agur/@@download/image/ILUSTRAZIOA_Ikusi arte_IratINK.jpg
2019/11/11

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Irati Merino

@iratINK

Dramarik ez arren, soilik agur...

Badoa Berri Txarrak 25 urteren ondoren, eta ni oraindik asimilatzen nabil. Zaila da sinestea badoala nire bizitzaren soinu banda izan den musika sortu duen taldea. Nork ordezkatuko du leku hori hemendik aurrera nire biografian? Eskerrak behintzat abestiak ez diren agortzen, horiek beti egongo dira eskura, behar dudanetan arnasguneak eskainiz.
Beraz, atzera begiratu eta nire bizitzaren errepasoa eginez eskerrak emateko unea dela iruditzen zait.
Eskerrik asko pasioa exijitzea zilegi den gutxienekoa dela frogatu duzuelako.
Eskerrik asko euskal kultura ikusezin izateari uzteko ahal duzuen guztia egin duzuelako.


“Geroa eta iragana, ezabatuak izan dira. Oraina, luze eta antzua, mutu itsua geure aurrean...” entzuten dudan bakoitzean, biharamunik ez balego bezala, garrasika zutik jarri eta zuen kontzertuetako lehen ilaretan bizitako guztia berriro ere sentituz, nerabezarora bidaiatzen laguntzen didazuelako milesker.
Eskerrik asko bizitzako pasarte ahaztezin eta garrantzitsu batzuk, zuen abestiei esker garunean berriro marraztu ditzakedalako. Abestiak dira une horien oroigarririk onenak.
Gure geografiako hamaika txoko zuen aitzakian ezagutzeko aukera emateagatik ere eskerrik asko: Lekunberriko Kantinatik Psilocybera, Donostiako Kursaaleko une magikotik, Bilboko Kafe Antzokira eta BECeko kontzertu ahaztezinetik Iruñeko azken zitara elkarrekin iritsi gara musikarekiko grina heldulekutzat hartuz.
Oholtzatik jaitsiko zarete bai, baina haria ez da etengo. Nire barnean zuen abestiak ozen entzungo dira, maitasunez eta zintzotasunez egindako musikaren magia betirako baita.

Dramarik ez arren, soilik agur... eta eskerrik asko!

Ikusi arte.