DENBORAREN KAPSULA

DENBORAREN KAPSULA https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/denboraren-kapsula/@@download/image/Ilustrazioa Ibon Elorrieta.jpg
2017/12/22

 

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Ibon Elorrieta

DENBORAREN KAPSULA

Hamazazpi abendu igaro dira gazteen barrukoak astintzeko grinaz GAZTEULO jaio zenetik. Ia berrehun alek ikusi dute argia gazteentzako leihoa zabaldu genuela, gainontzeko hedabideek esango ez zizkizunak kontatzeko asmoz.

2000. urtean mundua lehertzera zihoala, hitzak eta irudiak ezkutu gisa hartu, eta gure armamentu guztia bildu genuen etorriko zenari aurre egiteko prest.

Hainbat sari eta zenbait lore jaso izan ditugu –kritikak baino gehiagotan–, baina arauak hautsi eta transgresioaren mugak gainditu izana izan dira gure ibilbidearen lorpenik handienak.

Atzera begira honetan, oraindik adingabeak garela konturatu gara. Hala ere, harrotasunez esan dezakegu drogen kontsumoaren inguruan ikasiak garela eta sexuak gordetzen dituen sekretu lizunenak ezagutzeko aukera izan dugula. Doinu berriak aurkitu ditugu eta beste batzuek gu topatu gaituzte. Begiak laztandu dizkiguten irudiez gozatu eta testurez beteriko ametsak sortu ditugu.  

Egungo eskandaluak normaltzat hartu genituen garai batean, baina ez dezagun geure burua engainatu, denboraren kapsula zabaldu eta gure orduko jakin-mina pizten zituzten gaiek egungo antzekoak izaten jarraitzen dutela ikusi dugu.
 
Deloreanen bolanteari heltzeko prest?