Bizitza eskuetan

Bizitza eskuetan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2022/12/05

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Aranzadi Zientzia Elkartea

Bizitza eskuetan


Jon Maia - Aiora Zulaika - Xabier Zabala ‘Eskuetan’

2018ko urria. GAZTEZULOn idatzi nuen lehen editorialaren data da hori. Geroztik 45 izan dira idatzi ditudan testuak, honakoa 46.a beraz. Batzuetan erraz jaiotzen zaizkit hitzak. Sarritan, bizitza pertsonalean, egunerokoan, gertatzen zaizkidan pasarteak motxilan gorde, hilabete amaieran atera, guztiarekin collage bat osatu eta hortik zerbait loratzen da. Besteetan, ditxosozko orri zuri famatu horri aurre egin behar izaten diot; zeinen zaila den kasu horietan geure buruari eragin, ideiak antolatu eta ganorazko zerbait idaztea. Zenbaitetan, ordea, albiste jakin batek barrenean eragiten didana izaten da sormenaren metxa pizten didana.

Guztiok dakizuen moduan, orain aste batzuk antzinaroko baskoiez idatzitako testu zaharrena Nafarroan aurkitu izanaren berria jaso genuen. Esku itxura duen K.a I. mendeko brontzezko xafla batean agertu dira inskripzioak eta lehen hitzean 'sorioneku' edo 'zorioneko' irakur daiteke. Albistea WhatsApp-ez jaso eta lerroburua irakurri nuenean oilo-ipurdia jarri zitzaidala aitortuko dizut. Zirrara deskribaezin batek inbaditu zuen nire gorputza goitik behera. Albistea sakonki irakurri ostean, guztiz hunkitu nintzen. Orain 38 urte jaio nintzenetik albiste historiko ugari gertatu dira, batzuk helduaroan harrapatu naute, baina beste asko oso ume nintzela gertatu ziren. Hau aipatzen dut, albiste hau une honetan bizi izateak asko pozten nauelako, zorioneko sentitzen naiz, umetan ala nerabezaroan harrapatu izan banindu, ez bainintzatekeen guztiz kontziente izango.

Honek beste hausnarketa txiki batera eraman nau: eskuaren irudiaren garrantzia. Eskuek geure egunerokoan duten garrantzia agerikoa da, are gehiago musukoen garaian komunikatzeko tresna garrantzitsu bilakatu direlako. Ez naiz, beraz, ezer berririk deskubritzera etorri, baina azken asteotan albiste honen harira eskuaren irudiarekin sareetan sortu diren aipamen, albiste, meme eta bitxikeriak nabarmentzekoak eta nahiko paradoxikoak iruditzen zaizkit. Hasteko, Kantu Eskukadak II argitaratu dugulako, eskuak elementu bateratzaile gisa erabiliz 100 abesti berri ilustratu ditu Olrait Studiok. Berri Txarrak-en Eskuak, Gure Esku, Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimendua, eta abar. Biziki gomendatzen dizut #irulegikoeskua eta #sorioneku traolaren bidez sare sozialetan zabaldu den edukia begiratzea.

Ikusten duzunez, eta hasieran aipatu dudan bezala, albiste batek bide eman lezake urteko azken editorial hau idazteko. Kontu paradoxikoak aipatuz amaitzeko, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren adierazpenekin amaitu nahiko nuke, Irulegiko eskuaren dimentsio politikoaz hausnartuz: «Paradoxa handia da, euskarazko lehen idatzizko testua agertzea non eta euskarari ofizialtasunik aitortzen ez zaion toki batean».