BERBEN ARDURADUN

BERBEN ARDURADUN https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/berben-arduradun/@@download/image/ILUSTRAZIOA_ARRATE RODRIGUEZ.jpg
2019/01/23

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Arrate Rodriguez @alizitxoin

BERBEN ARDURADUN

Zinema, politika, ingurumen zientziak, arkeologia, kirola edota Internet. Gure irrati-telebista panorama inbaditzen duten tertuliakide, berbalagun, hizketalagun, solaskide, hizketakide, mintzaide eta batez ere aditu eta jakitun hauek, edozein alor menderatzeko gai dira. Ez hori bakarrik, irmotasun osoz jaurtitzen dituzten iritziak eta pentsamenduak, erreferente moduan hartu behar bagenitu legez. Mikrofono bat, telebista kate bat edota orri zuri bat. Erabiltzen dituzten tresnak ala medio guztiak ere menderatzen dituzte, edozer esan eta lasai geratzen dira. Bost axola indartzen ari diren gizarte ereduarekin.

Ana Zarina inprobisatzaile mexikarrak antolaturiko jardunaldi batzuetan, zenbait mutil eta gizon inprobisatzailek etengabe umore mota bera egiteko zuten ohituraz aritu zen –amaginarreba gaiztoak, larrutan ez egitearren buruko mina dutela dioten emazteak… betikoa, betiko ikuspuntutik-; “Aho parean mikrofono bat daukagun momentutik, geure berben arduradun izan behar dugu, izan dezaketen eraginaz jabetu”.

Bai, “geure berben arduradun eta izan dezaketen eraginaz jabetu”. Esaldi sinplea, ulerterraza, logikoa eta (ziur) zure adostasun osoa izango duena. Baina beldur naiz hasieran aipatu dudan multzo horretako askok ez ote duten esaldi hori ezagutu ere egingo. Ala bai. Beharbada batzuek oso argi daukate zer defendatzen duten. Agian ardurarena askotxo eskatzea da, agian subjektiboegia ere bai, agian berben gaitasun eraldatzailearengan gehiegi sinestea ere izango da.

Diskurtso gehienak erabat polarizatuak dauden garai honetan, garrantzitsua iruditzen zait geldiune bat hartu eta esan behar duguna esan aurretik hausnarketarako tartea topatzea. Batez ere idatzi edo oihukatu behar dugun hori, sendatu beharrean, zauritzeko helburuz jaurtitzen badugu. Geu gara geure hitzen jabe eta arduradun. Mikrofonoek, boligrafoek edo lortu nahi ditugun like-ek ez dezatela gure gainetik agindu.

“Larunbat gaua da bihotz bakartien klubean. Hatzamarrik ez duen piano-joleak biltzeko kantuaren lehen notak jo ditu. Astiro hurreratu dira katamaloak, bihotza kateatuta, pausua narras, gorputzetik bi metrora. Aurkezle mutuak emanaldia berehala hasiko dela iragarri du. Baldintza bakarra dago: ez dezala mikrofonoak agindu.”