Azken atzera kontua

Azken atzera kontua https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/azken-atzera-kontua/@@download/image/ilustrazioa_Pirati_Art.jpg
2016/12/02

 

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Pirati Art

Azken atzera kontua

Iritsi da. Laster erlojuaren orratzak ohi baino azkarroago hasiko dira bueltaka eta gure mugikorarri behar baino lehenago agortuko zaio bateria. Gure bihotz taupadak azkartu eta trafiko ilaren erritmoa mantsotu egingo da. Kaleak poltsaz kargatutako eskuz beteko dira eta saltokietako dendariek ez dute etxera joateko hainbesteko presarik izango.
Gutxien espero dugun egunean, aspaldi hitz egin gabeko bizilagunak gure nahiak betetzea opako digu eta egunotako familia-planen inguruan interesa azalduko du.
Urte amaiera, denboraren muga psikologikoa. Orain ala sekula ez.
Egin ditzagun azken hilabeteetan egin ez ditugun opariak. Irakurri dezagun pendiente dugun liburu sorta; are hobeto, goazen Durangoko Azokara urtean zehar erosi ez ditugun liburuak erostera. Eta disko batzuk ere bai! Nola izena zuen aurreko astean irratian gomendatu zuten antologiak?  
Postalak. Ez ahaztu urtetan ikusi gabeko lagun eta senideei gabonetako postala bidaltzeaz! Zigiluak beharko. Non egongo da estanko bat zabalik ordu hauetan?
Berreskuratu dezagun kajoi azpian ahaztuta dugun errezeta goxo hura. Aurten postrea nire kontu!
Gonbidatu ditzagun jasatzen ez dituzun horiek gurekin afaltzera. Eta berreskuratu armairuaren fondoan ezkutaturik dagoen jantzia.
Markatu ditzagun gorriz datorren urteko jai egunak, zubiak eta egiterik izango ote dugun ez dakigun oporraldiak ere.
Eta garrantzitsuena, datorren urterako helburuak modu koherente batean formulatuko ditugu. Ez edozein zerrenda, benetan betegarriak diren asmoak jasoko dituen lista objetiboa izango da:

- Erretzeari utzi.
- Gimnasioan apuntatu.
- 5 kilo argaldu.
- Ingelesa ikasi (First Certificate?)
- Liburu gehiago irakurri.
- Pendiente dugun lagun arteko afaria antolatu.
- Dieta osasuntsuagoa jarraitu.
- Beteko ez ditudan helburuen zerrendak egiteari utzi.