Arrakastaren bihurguneetan

Arrakastaren bihurguneetan https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/arrakastaren-bihurguneetan/@@download/image/editoriala256.jpg
2023/12/01

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

Arrakastaren bihurguneetan


Esanezin ‘Oraindik’

Editorial honen gaia ia naturalki jaio da nire barnean. Alde batetik, Bulego taldearen elkarrizketan oso presente egon den zerbait delako eta, bestetik, irakurri berri dudan Jasone Osororen liburu berriaren hari nagusia ere badelako: arrakasta. Idazleak, arrakasta gaitzat hartuta, saiakera liburua idatzi du, gure artean hainbat arlotan arrakasta izan duten pertsonak elkarrizketatu eta haien hitzak zein Osororenak bilduz osatutakoa. Jon Garaño, Itziar Ituño, Izaro, Gorka Urbizu, Maider Egues, Harkaitz Cano, Eneko Atxa, Markel Irizar, Aizpea Goenaga, Eva Domingo eta Joxemari Agirretxe dira saiakeraren protagonistak.
Denok ulertzen dugu arrakastaren kontzeptua, baina zer da zehazki? Hiztegian definizio zehatz bat duen arren, polisemikoa dela uste dut, pertsonaren arabera esanahi ezberdina har dezakeelako. Iruditzen zait gehienetan kanpoko arrakasta soilik hartzen dugula kontuan; kanpoko begiradak ematen duena, kuantitatiboa, errentagarritasunarekin lotuta dagoena, ospearekin, kopuruekin, eta ziurrenik lehen kolpean guztioi burura etortzen zaiguna. Baina liburua irakurri eta Bulegoko kideekin gaiaz asko hausnartu ostean, uste dut garrantzitsuena, eta gutxitan kontuan hartzen duguna, barruko arrakasta dela, norberaren ongizatearekin lotutakoa. Ez izutu, ez naiz coaching lanak egiten hasiko-eta, baina iruditzen zait gaiak baduela mamia eta azken boladan bizi dudan sentimenduen zurrunbiloa tarteko, hau zuekin partekatzeko gogoa nuen.
2023a amaitzen ari da, eta urte hasieran (ia) denok egiten ditugun helburu edota erronka amaigabe horien zerrendak gutxitan betetzen ditugula ohartuko zineten aspaldi; “kirola egiten hasiko naiz, aurreztu egingo dut, buruan dudan proiektu hori gauzatuko dut, elikadura osasuntsuaren aldeko hautu irmoa egingo dut…”. Gehienak porrotaren bidean galdurik geratzen diren arren, helburu horiek finkatzen ditugunean, zein izaten da benetan geure helburu nagusia? Batzuek urte “arrakastatsua izatea” dute helburu, baina nire kasuan, aitortuko dizuet ahalik eta zoriontsuena izatea dela. Zertarako bilatzen dugu bestela arrakasta? Bada, aizue, bitxia da, zeren zerrenda horretatik ez dut ia ezer bete, baina urteari agur esateko atarian, oso 2023 arrakastatsua izan dudala sentitzen baitut. Gehien maite ditudanak alboan ditudalako eta beraiei esker oso zoriontsua naizelako.