ARIAN-ARIAN XEHATZEN DA BURDINA

ARIAN-ARIAN XEHATZEN DA BURDINA https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/arian-arian-xehatzen-da-burdina/@@download/image/esaera_berriak_192.jpg
2018/02/21

Testua: Beñat Gaztelumendi 

Ilustrazioa: Unai Gaztelumendi

ARIAN-ARIAN XEHATZEN DA BURDINA

Herriak gizakiz osatuta gaude, eta gizakia materia da. Badira gizaki gasezkoak, ohartu gabe desegiten direnak. Badira gizaki likidoak, errotu gabe dabiltzanak. Eta badira gizaki solidoak ere, harria bezain zurrunak. Eta herriak gizakiak dira, materia dira. Euskal Herri solido bat ezagutu genuen, bere baitan gotortutako taldez osatua. Baina burdina arrakalatzen hasi zen, eta likidoak omen gara orain, ezertara lotu gabe gabiltzanak, penditzaren arabera.

Aro likidoa omen da bai, baina badira barrote solidoen artean daudenak ere; eta badira oraindik bota gabeko hormak, eta hormen artean ezkutatutako begiradak. Mugitzen ez diren iritziak, balak isildu diren aldera zuzentzen diren kanoiak. Eta berriz ere iparrak erakutsi dio hegoari hegan egiten: ikasi dugu bakea artisauek egiten dutela; bakea isilik egiten dela. Ez omen dira epikarako garaiak, baina etorkizunak gogoratuko du Lekorne, gogoratuko du Baiona, gogoratuko du Paris. Etorkizunak gogoratuko ditu Txetx Etxeberri, Mixel Berhokoirigoin, Michel Tubiana, Beatrice Molle-Haran, Stephane Etxegarai eta Mixel Berguignan. Beraiei esker ari gara ikasten: arian-arian xehatzen da burdina.