Amaierarik gabeko hasierak

Amaierarik gabeko hasierak https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/amaierarik-gabeko-hasierak/@@download/image/ilustrazioa_209.jpg
2019/09/13

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 Ilustrazioa: Imanol Aizpuru
@imanolnaizni

Amaierarik gabeko hasierak

Iraila, hogeita hamar egunez osaturiko bederatzigarren hila. Ipar hemisferioan udazkena hasten da, eta hego hemisferioan aldiz udaberria. Abuztuko atseden luzearen ostean, proiektu edota helburu berriak hastearekin lotzen den hilabete bitxia iruditu izan zait beti. Sorreren aroa bai, baina baita amaierarik gabeko ekintzez josirikoa ere.


Bitxia diot, hasteko, nabarmen murriztu bada ere, tradizioz objektu bitxi, erabilezin eta zentzugabeak bildumatzearen hilabetea delako adibidez. Telebista iragarkietan mineral, jostailuzko itsasontzi, kromo edota gure imajinazioaren mugak gainditzen dituen  traste deskribaezinenek kioskoetako txoko guztiak inbaditzen amaitzen dute. Baina, noizbait bukatu al duzu horrelako bildumarik? Ez!


Ezin ahaztu jakina, klasikoetan klasikoena: gimnasioa eta kirola. Udako gehiegikerien ostean, kontzientzia garbiketa bat eskatzen du geure garunak eta zer hoberik kirolean jo eta su hastea baino. Hastea esan dut, ziur nagoelako, abendua iritsi orduko, zeure kiroldegiko harpidedun txartela ere, armiarma sarez eta hautsez josita geratzen dela egongelako balda zahar horren gainean.
“Diptongoz bukatzen diren hitzak, oro har, bokalez amaitzen diren gainerako izen guztiak bezala deklinatuko dira...” Euskarazko 4. maila, Ingelesezko First-a edo Txinatar hizkuntzako Hanyu Shuiping Kaoshi, bost axola. Hizkuntza, ene hizkuntzak! Intentzio onenarekin hasten zara zeure titulu berrien bitrina betetzeko asmoz, baina badakizu bidean oztopo ugariren gainetik salto egin beharko duzula; pintxo-poteak ostegunetako klaseen ordez, egun euritsu horretan zinemara joan zinen hura, gurasoei Netflix izorratu eta konpontzera joan behar izan zenuen egun hura... aitzakiak, hemen ere kale!


Lasai. Ez kezkatu. Ez zaude bakarrik. Ez gaizki sentitu arren. Apur bat animatzeko aitortza txiki bat egingo dizut: editorial honek, proposamen berrien zerrenda txukun bat izan behar zuen, baina hauek gauzatzeko gai izango ez naizela kontziente, amaierarik gabeko hasierei buruz idazten amaitu dut. “Amaitu dut” esan dut?


Tira, beti esan dezakegu prokrastinazioa modan dagoela, ezta?