ADIORIK EZ

ADIORIK EZ https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/adiorik-ez/@@download/image/ilustrazioa_olraitstudio.jpg
2018/09/10

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Beñat Rodríguez Olrait Studio @studioolrait

ADIORIK EZ

Ikasturte berri bat hastera goaz, ziklo berri bat. Oporraldiei agur esan eta udan zehar jasotako eguzki izpien fotosintesiaz baliatuz, helburu berrien zerrenda errepasatu, denbora librea inbertitu nahi dugun ekintzak aukeratu eta martxa berriz hartzeko prestatzen gara. Ilusioz, beldurrez, gogotsu zein gogaiturik, aurrera goaz.

Txikitasunaren handitasuna aldarrikatuz hasi zen nire ibilbidea GAZTEZULOn duela bi urte t’erdi, eta urte hauetan zehar, dimentsio edo neurri kontuaz harago, arrakastak jarreran datzala ikasi dut. Denborak ez du zikloaren tamaina neurtzen; izan ere, astebeteko ziklo handiak bizi ditzakegu, eta baita hamar urteko ziklo hutsalak ere. GAZTEZULOn bizitako 30 hilabeteko zikloa handia izan da, denboraz txiki iruditu bazait ere. Eta konturatu orduko, agurra itxura hartzen hasi da lerrokada hau.

Gutxi dira geratzen zaizkidan karaktereak hitz hauen beste aldean zauden horri zuzentzeko. Eta hor zauden esperantzaz, eskerrak eman nahi dizkizut. Hilabete guzti hauetan zehar bidaide izan zaitut, eta benetan diotsut sekulako gozamena izan dela nire barrukoak zurekin elkarbanatzea. Batzuetan hitzen erritmoa geldiezina izan da, eta bestetan, ordea, enkistatutakoak askatzea ez da lan xamurra izan. Hitz politak kutxatxo batean gorde, eta kritikak ikasteko tresna gisa erabiliko ditut etorkizunean.

Neure buruaz harro eta kritiko –neurri bertsuan–, gogotsu eta beldurrez despeditzen naiz, zu eta bion arteko zilbor-hestea denboraldi batez askatuz. Etenaldi honetan zehar beste tokiren batean topo egingo dugun ilusioak betetzen nau.

Laster arte!