“Proust madalena”

“Proust madalena” https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/201cproust-madalena201d/@@download/image/editoriala_233.jpg
2021/11/12

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

“Proust madalena”


Dragoi Bola Z ‘Amaierako abestia’

Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna ospatu eta bi egunetara bizi izan nuen zerbait partekatu nahi dut. Asteartea. Gaueko 20:30ak. Afaria prestatzen hasi naiz. Kazola hartu, olio errea prestatu eta barazkiak sartzen hasi naiz banan-banan. Barazki-purea, gehienetan, osagarri berekin egiteko ohitura izaten dut, baina oraingoan konbinaketa desberdinak probatzea erabaki dut, bestetan erabili izan ez ditudan barazki eta ongailuak uztartuz. Guztia bota, ondo nahastu, irakiten hasi eta usaina sudurretik sartzen hasi zaidanean: “Klik!”. Bat-batean nire garunak denboran atzera bidaia egin eta usain horrek umea nintzen une konkretu batera eraman nau. Saskibaloi entrenamendutik iritsi berri, amak prestatzen zuen barazki-krema dastatzen ari nintzen unera. Oroitu ere egiten ez nuen unea da eta zehaztasunez azaldu da irudikatua nire garunean. Anaia eta biok lurrean,  telebistaren aurrean pure goxo hori dastatzen, Dragoi Bolaren atal bat ikusten, jakina, eta atzean aita eta ama sofan eserita Goku eta konpainiaren abenturak noiz bukatuko zain, gu ohera bidali eta beraiek albistegiak ikusteko.
Ez al da polita eta magikoa txikitan bizitako sekuentzia txiki baina niretzat berezi hori, erabat ahaztua nuena, 25 urte geroago usaindu dudan jaki bati esker, bat-batean gogoratu izana? “Honek azalpen psikologiko bat izan behar du”, pentsatu dut. Afaria prestatzen amaitu, afaldu, jaso, eta egin dudan hurrengo gauza Interneten arakatzea izan da; “Proust madalena efektua” izeneko artikulua topatu dut, ea zer dioen: “Zertan datza Proust-en Madalena efektua? Gure zentzumenen bidez, usaimenaren bidez normalean, sentsazio jakin bat hautematen dugunean automatikoki egiten dugun garun-lotura da, iraganeko gertaera bat berehala gogorarazten diguna, prozesu kontzienterik gabe, hau da, nahi gabe. Sinestezinena da oroitzapen horrek urteak, hamarkadak, eraman ditzakeela geldirik, gure sare neuronalen sakonean lurperatuta, eta erabat ahaztuta geneukala pentsa genezake, ustekabeko berreskuratze automatiko hau gertatzen den arte.”
Honakoa GAZTEZULOn idazten dudan editorial xume eta laburra besterik ez denez, ez naiz hasiko azalpen zientifikoekin zu aspertzen, beraz, sarean topatu ditzakezun xehetasun psikologiko guztiak irakurtzea gomendatzen dizut, gure garuna zeinen misteriotsua eta zoragarria den frogatzen duen beste adibide txiki bat besterik ez baita. Gertakari ñimiño hau, ordea, Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna ospatu eta bi egunetara gertatu zitzaidanez, hausnarketarako oso baliagarria izan zait. Garuna osasuntsu eta sasoian mantentzeko, gure buruari tartea eskaini eta bere osasun egoeraz jabetzea, gorputz fisikoa zaintzea bezain garrantzitsua dela argi izan behar baitugu. Osasun mentalik ez badago, nekez sentituko baikara fisikoki osasuntsu.
Tira, sabel-zorria egin zait, txokolatezko madalena bat jatera noa.