“Hamar produktu on”

“Hamar produktu on” https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/201chamar-produktu-on201d/@@download/image/gaztezulo_Ilustrazioa_MARI MATRAKA.jpg
2018/12/12

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Mari Matraka @mari_matraka

“Hamar produktu on”

Pasa den azaroan Txerra Rodriguez Hizkuntza Aholkulariak honako txioa jaurti zuen sareetan:  “Aurrekoan “lagun” batek erronka: ez zara gai euskarazko hamar “produktu” on aipatzeko!” “Euskarazko kulturaren ez-modernotasuna” ere aipatzen zuen. Hamar argudio erabiliz erantzungo diot nik ere:
Handia: Euskal zinemagintzan mugarri bilakatu den film aparta izateaz gain, ekoizpen honen atzean dagoen lantalderi esker, Espainiako Goya sarietan inoiz baino euskara gehiago entzun zen.
GAZTEZULO: “Zer esango duzu zuk ba!” pentsatuko duzue. Lantaldeko kide izan aurretik ere berdin-berdin sartuko nukeela txikitasunaren handitasuna aldarrikatzen duen proiektu komunikatibo zoragarri honen izena.
Zinea.eus: Zinemazale euskaldunek osatutako lantalde honek osatzen duen ezinbesteko webgune honek ere merezi du aipamena. Webzinea, agerkari digitala eta komunitate birtual aparta osatu baitute.
Ur Handitan: Kalitatezko saio ugari aireratu dituzte, batzuk polemikoak, kritikagarriak besteak, oso interesgarriak gehienak. Baina saioaren historiako audientzia daturik onena lortu zuen Motxiladun umeak atalean erakutsi zutena hain zen beharrezkoa...
Gaztea Box: Ibon Fernandez, Ainhoa Etxebarria eta Alain Perez-ek burutzen duten eguneroko lan apartari esker, saio hau, autoko bidaia askoren soinu bandan bilakatu da.
Berri Txarrak: Kike Amonarriz-en txioarekin laburbilduko nuke musika talde bikain honen inguruan azken hilabeteetan gertatu denaren inguruko nire iritzia: “Euskal kultura sektore berrietara zabaltzea eskatu eta lortzen dutenak larrutu. Euskal talderik gabeko jaialdiak salatu eta hartzen badituzte taldeak kritikatu. Euskal taldeen zailtasunak nabarmendu eta arrakastatsuak maiseatu. Eta horrela bizitzen gara..” Gora BTX!
Hiri Gorrian: Arratsaldero, Euskadi Irratian, saio entretenigarri, didaktiko, fresko eta desberdina egitea lortu dute Maider Segurolak eta konpainiak.
Gure Zirkua: Bihotzetik sortutako ikuskizun hau, urteko sorpresan bilakatu da. Euskaraz egindako lehen zirku ibiltaria, zirku klasiko baten itxuran, baina animaliarik gabeko ikuskizuna eta balore berdintzaileak sustatzen dituena.
Durangoko Azoka: Euskal Herriko azokarik handiena eta garrantzitsuena.
Bilaka Kolektiboa: Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren koreografia zentroa da. Gaur egun, hogeita hamar bat dantzari eta musikari biltzen dituena.
Euskal produktuek beste edozein txokotako produktuekin lehiatu dezakete inongo lotsarik gabe eta Euskara beste edozein hizkuntza bezain baliagarria da sormen eta komunikaziorako. Euskarazko produktu falta baino, azkenaldian, gehiago nabaritzen da euskaldunen interes falta beraiekiko...