20 urte, 19 izen

20 urte, 19 izen https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/20-urte-19-izen/@@download/image/ILUSTRAZIOA_Feminismoa.jpg
2020/03/12

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

 

Ilustrazioa: Ainhoa Aranburu

20 urte, 19 izen

GAZTEZULOn, hedabidea garen neurrian, edozein txosten baino eraginkorragoa da gure ekarpena bera ebaluatzea. Argi dugu etxetik hasi behar dugula gauzak aldatzen eta, zentzu horretan, koherenteak izaten saiatzen gara. Zailtasunak zailtasun, gure orrialdeetan eta, ondorioz, gainontzeko euskarri digitaletan ere, gizonezkoei eta emakumezkoei eskaintzen diegun espazioa eta protagonismo edo garrantzia maila bertsuan orekatua izatea da gure jardun moldea arautzen duten barne mandamentuetako bat. Helburu orokor hori lortzeko bidean, helburu zehatz eta praktikoagoak finkatuz egiten dugu aurrera. Esate baterako, gure aldizkariko elkarrizketa nagusian eta, ondorioz azalean, gizon eta emakumeak txandakatzen ditugu, eta berdin-berdin gainontzeko ataletako protagonistekin ere. Bestalde, edukiren bat aparteko testigantzekin edo ekarpenekin hornitzen dugunean, gizonezko bakoitzeko gutxienez emakumezko bat ekartzea ezinbestekotzat jotzen dugu eta, gainera, arreta berezia eskaintzen diogu emakume espezialisten auziari: alor ezberdinetan aditu diren neska horiek lehen planora ekartzen saiatzen gara.
Izan ere, proiektu honek aurten hogei urte beteko ditu, eta agerikoa denez, ezinezkoa da denbora honetan guztian argitaratutako eduki interesgarri denak aipatzea. Baina martxoko editorial berezi hau, 20 urte hauetan zehar gure proiektu kuttun hau aurrera eramatea posible egin duten izen propio batzuk palestrara igotzeko aprobetxatu nahiko nuke, eduki guzti horiek posible bilakatu dutenak. Erne, aipamena ez soilik emakumeak direlako –hau ere noski– baizik beraien lana ezinbestekoa izan delako 20 urte hauetara iristeko: Inge Mendioroz, Igone Mariezkurrena, Zuriñe Maguregi, Ainhoa Irazu, Aitziber Iartza, Maialen Goñi, Leire Palacios, Saioa Baleztena, Ane Urrutikoetxea, Jaione Dagdrommer, Nagore Koch, Ane Irazu, Ainara Vazquez, Maria Albillos, Eli Belaustegi, Aitziber Errazkin, Agurtzane Gomez, Garazi Azkue eta Eneritz Ansa. Eskerrik asko, zuen ondar aleak proiektu honen zimendu eta zutabeak eraikitzeko ezinbestekoak izan direlako. 2000. urtean eman zion hasiera G-z hasten den abentura honek eta zuei guztiei esker, 2020ko martxoan, lehen egunean bezain tinko, gogotsu eta ilusioz gainezka jarraitzen dugu.
Erraza da zenbakiez hitz egitea, zailagoa da ordea zenbaki horien atzean izan zareten emakumezko guztiei eskerrak emateko hitz egokiak aurkitzea. Horrelakoetan esaldi arranditsuek baino gehiago balio dute hitz sinple baino zintzoek, beraz:
Eskerrik asko bihotzez!