Ekiza konfinamendua hasi eta egun gutxitara hasi zen sortzen. Bote-prontoan sortu zuen Ez dakit gehiao zer eguna den abestia eta horrelaxe, buelta gehiago eman gabe, sareetara igo zuen. Horrekin batera erronka bat ere bota zuen: guztien artean abestia apaintzea. Proposamenak sekulako arrakasta izan du eta hementxe da abestiaren bertsio kolektiboa. Proiektu honentan 37 pertsonek hartu dute parte eta Ekiza bera arduratu da guztia antolatzeaz, ekoizteaz eta nahasteaz. Gustura dago lortutako emaitzarekin. Hastapenetan apur bat tristea zen abestia alai eta dinamiko bilakatu dute kolaboratzaile inprobisatuek. Horrela laburbildu du ekimen honekin lortu nahi zuena Willis Drummond taldeko kantaria ere baden Jurgi Ekizak:
Konfinamendu hau mundu osoan zehar bizitzen da gaur egun, eta importantea zen enetako zerbait kolektiboa sortzea, oroitarazteko bereiziak girela, baina ez isolatuak. Eta sare sozialen garai honetan, pentsa dezagun ere tresna hauek erabiltzen ahal direla gauzak egiteko elkarrekin, eta ez soilik batzuek beste batzuei gauzak erakusteko ala irakasteko... Importantea da elkarrengandik ikastea noski, baina ez dezagun ahaztu gauzak elkarrekin EGITEN!! Hau da ere KULTURA!