MENDIAN GALDU DIRENEI
1973an Xalbadorrek idatziriko bertsoak...
50 urte geroago berdin gabiltza.
Gauza triste bat publikatzeko kantatzerat naiz abian;
horra zer berri zabaldu zaukun berriki Euskal-herrian:
laguntza faltak berekin duen pairamenaren erdian,
hiru gizonek beren bizia galdu duiela mendian.
Afrikatikan hunat zatozin, eginik bide luzea;
ezin jasana zuketen nunbait herriko ezin bertzea;
beren bizia hobetu nahiz, gosez ta hotzez hiltzea;
bas’ihiziek gorenaz dute holako heriotzea!
Ezin bertzea berekin dauka betitik herri pobreak,
hango jendea tirriatzen du bizi modu bai hobeak;
haren ondotik zabiltzalarik, hil dira dohakabeak ...
Ai! Ezpeleta’n aurten nolako primaderako loreak!
Bas’ihiziak gerizatzeko badute lege bipilik;
heietan zonbait ihiztatzeko ez du gizonak pegilik;
eta jendeak norbaiten faltaz mendian goseak hilik...
Lege horien sustatzaileak gelditu dira ixilik.
Boteretsuak ilargiraino igan zauzkigun orduan,
nehoiz bezanbat injustizia ikusten dugu munduan:
batzu dirutan emokatuak, gako guztiak eskuan,
eta bertzeak ogia galdez, biziaren irriskuan.
Dirua deno gure nagusi, ikusiren da holako:
aberatsentzat ateak zabal, hertsi pobreendako;
iruditzen zaut, gizona bada erreprotxurik gabeko,
bidea libro behar lukela nahi lekurat joaiteko.