Zuzenekoak itzultzen diren bitartean entzuteko zuzeneko diskoak

Zuzenekoak itzultzen diren bitartean entzuteko zuzeneko diskoak GAZTEZULO Instagram bidez burutzen ari den Zulotik! elkarrizketa sortetako gonbidatuetako bat Eli Pinedo eskubaloi jokalari ohia izan zen. Deigarria iruditu zitzaidan berak bertan esandako zerbait: gogo gehiago zeukala zuzeneko kontzertu batera joateko partiduren bat ikustera baino. Berak zioenez kirol partidaren bat telebistaz jarraitu daiteke, baina zuzeneko musika bertan egon ezean ez da sekula berdina. Ez zaio arrazoirik falta. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zuzenekoak-itzultzen-diren-bitartean-entzuteko-zuzeneko-diskoak/@@download/image/181215-ruper-ordorika-kafe-antzokia.jpg
2020/05/18

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

GAZTEZULO Instagram bidez burutzen ari den Zulotik! elkarrizketa sortetako gonbidatuetako bat Eli Pinedo eskubaloi jokalari ohia izan zen. Deigarria iruditu zitzaidan berak bertan esandako zerbait: gogo gehiago zeukala zuzeneko kontzertu batera joateko partiduren bat ikustera baino. Berak zioenez kirol partidaren bat telebistaz jarraitu daiteke, baina zuzeneko musika bertan egon ezean ez da sekula berdina. Ez zaio arrazoirik falta.
Zuzenekoak itzultzen diren bitartean entzuteko zuzeneko diskoak

Hori dela eta, kontzertu egarriz gauden guztiontzat zenbait zuzenekoak bikain bildu dituzten diskoak dakarkizuet. Bai, badakit ez dela berdina, zuzeneko diskorik onena ere beti baita kontzertu bat aurrez-aurre bizitzea gogorarazten dizun kopia txarra, baina bada zerbait. Dena den, disko hauek lortzen dute kontzertuetan sentitzen den zirrara hori nolabait simulatzea. 

Fink - Fink Meet The Royal Concertgebouw Orchestra (2013)
Pandemia garaiko deskubrimentuetako bat izan da disko hau. Dotorea da bertan aurkituko duzun soinua, ia ikusgarria dela ere esan genezake. Zuzenekoaren dardara zintzotasunez jasotzen du, bertan ez egonagatik bertara eramaten zaitu soinu bukle goxoan harrapatuta utziz. Meritua sekulakoa da, disko gutxi baitira sentsazio hau horren ondo biltzen dutenak. Fink Bristoleko bakarlaria da, baina kontzertu hau eskaintzeko munduko orkestra sinfoniko onenarekin elkartu zen: The Royal Concertgebouw. Amsterdamen grabatua izan kontzertu bakar batean. Gau batekin nahikoa izan zuten zuzenekoaren magia biltzeko. Diskoa entzun eta berehala ohartuko zara bertan aurkitzen diren detaile zehatz eta zoragarrietaz.

Horrela, Fink-en konposizio sotil eta melodikoak ederki uztartzen dira orkestra baten berebiziko ahalmen musikalarekin. Sinbiosi perfektua. Abesti bakoitzean aurki daiteke soinu epiko inguratzailea. Ez baita bakarlariari orkestrak laguntzen dion disko tipikoa, baizik eta bien arteko elkarlanaren emaitza txundigarria. Guztia behar duen tokian dago diskoan, baita txaloak eta isiluneak ere. Entzun behintzat Berlin Sunrise abestia, ziur ondoren ezingo duzula hori entzunda bakarrik geratu. 

Ruper Ordorika - Zuzenean Kafe Antzokian (2018)
Kafe Antzokian soilik Ruper Ordorika! Esaldi horrekin eta txalo-biba artean hasten da zuzeneko disko honetako lehen kantua. Izan ere, Ordorikak jada ez du aurkezpen gehiagorik behar. Oñatikoaren estilo xume bezain intimista ederki islatzen du zuzeneko honek. Axola dutena abestiak dira eta hauek zuzenean entzuteak sortzen duen zirrara. Horixe besterik ez duzu aurkituko hemen; baina bizitzen ari garen garai hauetan beste belarri batez entzuten da diskoa, Bilboko Kafe Antzokiaren xarma gogoratuz ezinbestean, Ordorika Bizitza Eder Denean bezalako abestiekin garai hobeak etortzear daudela konbentzitzen gaituen bitartean. Sinpletasunaren handitasuna. 

Wilco - Kicking Television Live In Chicago (2005)
Disko honekin, bai, zuzeneko disko batekin, deskubritu nuen Wilco. Lagun baten oparia izan zen eta oraindik berarekin zorreta nago. Berehala nire disko kuttunetako bat bilakatu zen, eta hori ez naizela zuzeneko soinua grabatzen saiatzen diren diskoen guztiz zalea. Orain ordea, ekainean Kursaalen ematekoa ziren kontzertua 2021eko ekainera atzeratu den honetan, ez dago gaizki diskoari errepaso bat ematea gogoak apur bat baretzeko. Bertan bizitu zen emozio paleta osoa modu zintzoan jasotzen duela iruditzen zait A Gosth is Born diskora arte taldeak argitaratutako abestirik onenen errepasoa eginez. Setlist-a zehaztasunez pentsatua dago taldearekin erabat maitemintzeko. Bertan aurki daitezke I'm Trying to Break Your Heart edo Jesus, etc. bezalako abesti zoragarriak. Alabaina, onartu behar dut behin Wilco zuzenean ikusi badituzu ez diola disko disko honek justiziarik egiten. Taldea zuzeneko basapiztia da eta amerikarrez guztiz txoratu zuzenean ikusi nituenean egin nintzen. Ikusiak badituzu jakingo duzu zertaz ari naizen, bestela gogoratu 2021eko ekainean gurean izango ditugu. Hala espero dut behintzat.

Aipatu bezala ez naiz horrelako diskoen zalea, eta horregatik nire kuttunetan kuttunenak bakarrik gomendatu nahi izan ditut, zuzenekoak ezin baditut bizitu nahigo baititut estudioko diskoak entzun. Haatik, zerrenda hau osatzen ari naizela ohartu naiz ez dudala emakumezko musikariren baten zuzeneko disko txukunik ezagutzen, zuk ezagutzen al duzu? Hala bada, gustura jasoko ditut zure gomendioak!