'Zutik!' animaziozko filma estreinatuko da gaur

'Zutik!' animaziozko filma estreinatuko da gaur Adiskidetasuna, naturaren zaintza, teknologiarekiko menpekotasuna eta eskuzabaltasuna lantzen ditu filmak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zutik-animaziozko-filma-estreinatuko-da-gaur/@@download/image/za.png
2021/10/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Adiskidetasuna, naturaren zaintza, teknologiarekiko menpekotasuna eta eskuzabaltasuna lantzen ditu filmak.
'Zutik!' animaziozko filma estreinatuko da gaur

Baleuko ekoiztetxeak, Mexikoko Polar Estudio eta Brasilgo Tortuga Estudios ekoiztetxeekin elkarlanean ondutako Zutik! euskarazko animaziozko filma estreinatuko da gaur Euskal Herriko zinemetan. Familia osoari zuzendutako filma da eta, besteak beste, eskuzabaltasuna, adiskidetasuna eta naturaren defentsa sustatzea du helburu. Fantasiazko eta abenturazko mundu batean murgiltzeko leihoa da pelikula, "egungo gizarte modernoak teknologiarekiko duen gehiegizko lotura eta, ondorioz, naturarekiko duen deskonexioaren inguruan hausnartzeko gonbita".

Bi mundu antagonikoren inguruko istorioa kontatzen du filmak. Batetik, iratxoek osatzen eta zaintzen duten mundu koloretsua ageri da: parkea. Zuhaitzez eta landarez jositako ingurua da, eta bertan bizi dira Mithy, Liz, Hur eta gainerako iratxoak. Parkean dena da algara, dena aniztasuna, dena bizitza. Bestetik, gizakien hiria dago. Porlanak, kutsadurak, keak eta teknologiak hartutako eremua da hiria, eraikin altuek eta gailu elektronikoekin itsututa batetik bestera dabiltzan gizakiek osatua. Bertan bizi da Helene, filmaren protagonista. Heleneren aita da hiriko alkatea, eta parke naturala 5G antenaz hornitutako parke teknologiko bihurtu nahi du.

Iker Alvarez eta Haizea Pastorrek zuzendu dute filma, eta gidoia Yurre Ugarte, Segundo Altolagirre, Fernando Salem eta Matias Goldberg-ek idatzi dute. Bikoizle lanetan, berriz, Jon Goiricelaya, Eba Ojanguren, Ana Begoña Egileor, Iker Diaz, Josu Varela eta Imanol Gonzalez aritu dira.

Ekoizleek jakinarazi dutenez, duela lau urte sortu zen proiektua eta pandemiaren eraginez kinka larrian egon bada ere, azkenean lortu dute filma burutzea. "Bi urtetan ez dugu aurrez aurreko bilerarik izan ekoizpen taldeen artean. Ez da erraza izan filma ixtea, une askotan sentsazioak, tonuak, keinuak... ezin partekatzearen falta sumatu dugu. Komunikatzeko tresna birtualek ahalbidetu dute harremana; bestela, ekoizpena ezinezkoa izango zen", azaldu du Egoitz Rodriguez ekoizleak. 

Filmax banatzailearen laguntza izan dute proiektua aurrera ateratzeko, eta hura arduratuko da filmaren nazioarteko banaketaz ere.