Zut: Z belaunaldiaren aldizkari digitala jaio da!

Zut: Z belaunaldiaren aldizkari digitala jaio da! Gazteentzako aldizkari digitala jaio da gaur: ZUT. Bere lehen zenbakia aurkeztu dugu Tabakalerako 2deo aretoan, gazte talde zabal baten –60 inguru– eta komunikabideen aurrean. GAZTEZULOren eta ADM SL-ren artean sortutako proiektua da. Aurkezpena Gaizka Izagirre Gaztezulo-ko zuzendariak eta Goienako Josu Bilbao kazetariak egin dute, IXA-Serie aplikazioaren lantaldearen parte hartzearekin batera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zut-z-belaunaldiaren-aldizkari-digitala-jaio-da/@@download/image/DSC_0030.JPG
2019/11/21
Gazteentzako aldizkari digitala jaio da gaur: ZUT. Bere lehen zenbakia aurkeztu dugu Tabakalerako 2deo aretoan, gazte talde zabal baten –60 inguru– eta komunikabideen aurrean. GAZTEZULOren eta ADM SL-ren artean sortutako proiektua da. Aurkezpena Gaizka Izagirre Gaztezulo-ko zuzendariak eta Goienako Josu Bilbao kazetariak egin dute, IXA-Serie aplikazioaren lantaldearen parte hartzearekin batera.
Zut: Z belaunaldiaren aldizkari digitala jaio da!

 

Ez biratu mugikorra; edukiak ZUTik, bertikalean ikusi!

Josu Bilbaok aurkezpenaren hasieran adierazi duen moduan, “kalitatea, eduki bertikalak eta ikus-entzunezkoak. Horiek izango dira ZUT aplikazioaren hiru zutabeak. ZUT aldizkari digitala eskuko telefonoetan kontsumituko den proiektua da. Doako aplikazio bat da, edukiak atalka aurkeztuko dituena. ADM SLk egiten duen ttap aldizkariak badu anai-arreba teenager-a”. “Tente, zutik, zuzen”, hain zuzen ere, hortik datorkio izena aldizkariari. “Gazteek gaur egun edukiak kontsumitzeko duten joerari egiten dio keinu, eta mugikorra ZUTik mantentzeari, formatu horizontalera biratu gabe”, azaldu du Josu Bilbaok.

Hamabostean behin eduki berriak doan eskuragarri izango dituzte gazteek, eta baita aurretik eskainitakoak behin eta berriz erreproduzitzeko aukera ere. Euskara hutsean izango da, erabat berritzailea. “Euskal Herrian ez da horrelakok proiekturik ezagutzen”. Ikus-entzunezkoak eta sare sozialak –Instagram, Tik-Tok– izango dira aplikazioaren ezinbesteko aliatuak: testu gutxi eta irudi eta bideo asko. Interakzioa bilatzen dugu. Gazteen parte hartzea ezinbestekoa –kontsumitzaile aktiboak izatea nahi dugu–. Haiek izango dira aldizkariaren protagonistak. Eduki bertikalen aldeko apustua egin dugu. Produktu osoa mugikorretan modu bertikalean kontsumitzeko prestatuta egongo da.


Gazteak hartzaile-xede izanik, ikus-entzunezkoa oinarri duen produktu multimedia bat da ZUT. Aplikazio bat baino gehiago izango da: gazteak protagonista bilakatzea nahi dugun produktua izango baita, beraien parte hartzea ezinbestekoa izango delarik. Sare sozialak gure eskutik joango dira une oro, gazteen hizkuntza-teknologikora egokitzea izango baita apustu sendoena. Eduki gehigarriak sortuko ditugu sare sozialen bidez, erronken bidez eta euren parte hartzearen bitartez. BEITU!ren garapena da, jarraipena, izan ere orain bi urte sortu zen hedabide digital honek gaur egungo gazteen kontsumo ohiturei egokitzeko ahalegina egingo du. ZUTen bidez ikus-entzunezkoen aldeko apustu sendoa egingo dugu, eta BEITUN!n aldiz ohiko mezu bidalketa sistemaren bitartez, testuz lagunduta doazen eduki sakonagoak jorratzen jarraituko dugu. Proiektu beretik eta helburu berarekin jaio diren bi adar: euskal gazteak euskarazko edukiak kontsumitzeko joera berreskuratzea.

Gazteen gustuko gaiak

“Gazteekin bi Focus Group egin ditugu azken hilabeteotan, prototipoa kontrastatu eta euren ekarpenak jasotzeko. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun gazteek benetan zer nahi zuten jakitea, eta zuzenean beraien ekarpenak bildu ditugu edukiak lantzeko eta, batez ere, horiek zabaltzeko moduari buruz hausnartzeko. Gazteek, gazteentzat eginikoa.” Azaldu du Gaizka Izagirrek GAZTEZULOko zuzendaria.

Ixa-Serie aplikazioa

Euskal Herriko lehen serie aplikazioa ZUTen bidez ikusi ahalko da soilik eta mugikorrek eskaintzen dituzten erreminta guztiak ezinbestekoak izango dira telesailean murgiltzeko. Berritzailea, estetikoki boteretsua, ausarta eta gazteek oso gustura kontsumituko dutena.” Azaldu du Gaizka Izagirrek.
Aurkezpenean IXA lantaldekoak ere izan dira, proiektuan parte hartu duten hainbat aktore tarteko “zailtasun nabarmen batekin topatu ginen hasieran, gure seriea nola zabaldu. Aplikazio propio bat sortzeko helburuz ari ginen, hutsetik jaioko zena, baina zailtasun ekonomikoek ezinezkoa bilakatzen zuten helburu hori. GAZTEZULOko Gaizka Izagirrerekin elkartu ginenean eta ADMren arteko batuketa honi esker sortu da ZUT”. Aipatu du Ixako Unai Portillak. Gaizka Izagirrek gehitu du “Elkarlan logiko bat, era natural eta oso errazean sortu dena. 2deoko laguntzari esker sortu den euskarazko sinergia berri bat. Ikus-entzunezkoak, eduki berritzaileak eta gazteekiko ezagutza zabala oinarritzat hartuta”.

Atalak

Izagirrek azaldu du “Gainerako atal finko batzuk ere izango ditugu, Ikus-entzunezko formatuan grabatua eta Instagram storie-en kutsua izango duen elkarrizketa sorta freskoa, arina eta dibertigarria, musika atala, YouTuberren iritziak eta hausnarketak bilduko dituen gunea, telesailen gaineko gomendioak, moda aholkuak, esketx formatuan edota era freskoan egindako sexologia tartea eta oso garrantzitsua izango den lehiaketa-erronka atala. Erabiltzaileen parte hartzea ezinbestekoa izango da; beraz, edozein ekarpen ongietorria izango da ZUTera! Ez dugu nahi gazteak appan soilik geratzea, baizik hortik kanpo sare sozialen bidez gurekin harreman zuzena izatea” gehitu du.

 

Ikus-entzunezkoak, eduki berritzaileak eta gazteekiko ezagutza zabala oinarritzat hartuta sortu den proiektua!

Aplikazioa DOAN deskargatzeko: www.zut.eus