Zure katuarentzat zu edo zure etsairik handiena berdinak zarete ikerketa baten arabera

Zure katuarentzat zu edo zure etsairik handiena berdinak zarete ikerketa baten arabera Japonian burutu den ikerketa baten arabera janaria eskuratzeko garaian katuek ez dute ezberdintasunik egiten. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zure-katuarentzat-zu-edo-zure-etsairik-handiena-berdinak-zarete-ikerketa-baten-arabera/@@download/image/_109757296_gettyimages-1128004359.jpg
2021/03/08

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Japonian burutu den ikerketa baten arabera janaria eskuratzeko garaian katuek ez dute ezberdintasunik egiten.
Zure katuarentzat zu edo zure etsairik handiena berdinak zarete ikerketa baten arabera

Ez da sekretua, oro har, txakurrak katuak baino lagunkoiagotzat hartzen ditugula. Beharbada katuak gaizki epaitzen ditugu. Izan ere, beraiekin bizi direnek badakite maitekorrak direla eta jabeen gainean haril bat eginda askotan egoten direla. Alta, txakurraren eta gizakiaren arteko lotura oso estua da, milaka urtetan elkarrekin eboluzionatu eta kooperatu baitugu. Katua berriz, beti modu askeagoan egon da gure inguruan. Alabaina, zenbait ikerketak diote nahiko hotzak direla, nahiz eta gai diren gizakiekin lotura emozional sakonak lortzeko. 

Badirudi jabearengandik urruntzean antsietatea sentitzen dutela txakurrek bezalaxe, eta jabeen ahotsei arreta gehiago jartzen dietela ezezagunenei baino, arrisku egoeretan ahots horiek bilatuz. Hori guztia egia izanik ere, katuen indiferentzia zurrumurruak ere egia izan litezke. Japonian burutako ikerketa berri batek hori dio behintzat. Aurretik txakurrak ikertzeko erabilitako metodoa aplikatu dute eta ondorioztatu katuek, txakurrek ez bezala, euren jabeak lagundu nahi ez dituzten ezezagunak ez dituztela errefusatzen.

Esperimentuan katu batek bere jabeak kaxa baten barruan zegoen zerbait hartzeko kaxa irekitzen nola saiatzen zen behatzen zuen. Bi ezezagun jabearen alde banatan eseri ziren eta jabea horietako batengana hurbildu eta laguntza eskatu zion. Ezezagunetako batek jabeari kaxa irekitzen lagundu zion, aldiz, beste ezezagunak laguntza ukatu eta eserita jarraitu zuen ezer egin gabe. 

Ondoren, bi ezezagunek goxoki bat eskaini zioten katuari eta hor hasi zen proba: zientzialariek behatu behar zuten bi ezezagunetatik zeinengana hurbiltzen zen lehenago. Jabeari lagundu zion ezezagunaren janaria nahiago izango ote zuen? Jabeari lagundu ez zionaren janaria ukatuko al zuen? 

Lehendik proba berdina txakurrekin egin zen eta ikusi zen hauek jabeari lagundu ez zion ezezagunaren janaria ukatzen zutela. Katuek aldiz, ez zuten lehentasunik erakutsi ezezagun baten eta bestearen artean, dirudienez katuarentzat janaria janaria da eta kito. 

Katuak berekoiak direla pentsatu behar al dugu horregatik? Ez, noski. Katuak ulertu ahal izateko beraiek bezala pentsatu behar da, hau da, ziurrenik gizakien arteko elkarrekintzak ez dituzte ezagutzen. Ez zekiten ezezagun horietako batzuk ez ziotela jabeari lagundu. Nahiz eta katuek gizakiaren zenbait seinale sozial antzeman ditzaketen, ziurrenik gure harreman sozialen inguruan txakurrak baino desintonizatuagoak daude. Beraz, ez da katuak berekoiagoak edo gaiztoagoak direla, besterik gabe ez zekiten zer ari zen gertatzen. 

Katuak oso preziatuak badira ere eta Instagrameko errege-erreginak, oraindik katuek nola pentsatzen dutenaren inguruan oso informazio mugatua dugu. Hori
dela eta, hobe da ondorio okerrak atera aurretik mundua euren begiekin ikusten saiatzea.