Helikopteroen pareko gurasoak izatearen ondorioak
Duela gutxi Granadako unibertsitateko Praktiketako Dekanordeak jarritako kartela biral bilakatu da sare sozialetan. Hauxe idatzi zuten kartelean: "Ez dira gurasoak artatzen. Praktiketan matrikulatutako ikasle guztiak adinez nagusiak dira". Kartel hau jarri izanaren arrazoia ere azaldu dute: maiz gertatzen ez den arren, zenbait gurasok seme-alaben matrikularen kudeaketa lanak egin izan dituzte, eta baita haien izenean erreklamazioak egin eta azalpenak eskatu ere.
Unibertsitate bereko katedraduna den Daniel Ariasek zabaldu zuen kartelaren irudia sare sozialetan, honako mezuarekin batera: "Unibertsitatean kartel hau jarri behar bada, zerbait huts egiten ari da. Ikasle maitea: zeure arazoak konpondu eta ez bidali aita eta ama. Gogoratu, Espainian 18 urterekin izaten da adin-nagusitasuna".
Horren aurreko erreakzioak ere askotarikoak izan dira. Erabiltzaile batek honako galdera hau egin du: "Arazoak konpontzen ez dakiten gazte umetuak sortzen ari gara. Lan munduari aurre egiterakoan amari deituko diote?". Hain zuzen ere, lan elkarrizketetara aitarekin edo amarekin agertzen diren gazteak ere badirela nabarmendu dute.
Gertaera hauekin lotuta, 1969an Haim Ginott idazle, psikologo eta psikoterapeutak bere liburuetako batean erabilitako terminoa ekarri dute gogora: "Guraso helikopteroak", edo helikopteroen parekoak diren gurasoak. Zer adierazi nahi du horrek? Une oro umearen gainean hegan dabiltzan gurasoak irudikatzen ditu, haien pausoak kontrolatzen dituztenak eta haien askatasuna eta jarduna mugatzen dutenak. Seme-alaben inguruko kontu guztiei arreta handiegia ematen dieten gurasoei egiten die erreferentzia, hainbeste ezen seme-alabek, behar bezain helduak izanik, euren kabuz konpondu edo garatu behar lituzketen prozesuetan esku hartzen duten. Gehiegizko babesa eta kontrola izaten da tarteko, eta horrek seme-alabek haien erabakiak hartu ahal izatea eta haien askatasuna garatzea eragozten du.

Portaera horrek eragin negatiboa du seme-alabengan adituen ustetan. Gehiegizko kontrolak gatazkak konpontzeko arazoak izatea eragin dezake. Haien kabuz jarduteak emozioak eta inpultsoak kontrolatzeko gaitasunak garatzen lagunduko die seme-alabei. Seme-alabek hartu behar dute ardura, eta ez gurasoek. Gazteek haien ekintzen jabe izan behar dute, ondorioak kudeatzen ikasi eta erantzukizuna hartu. Gurasoek behar baino gehiago babestuz gero, bizitzaren erronkei aurre egiteko zailtasunak izatea ekar lezake.
Adituen iritziz, gazteen indepentzia sustatzeak heldutasuna eta autoestimua hobetzen ditu. Hala jokatu ezean, hainbat ondorio izan ditzake seme-alabengan: autoestimu baxua, frustrazioarekiko intolerantzia, kaltegarria edo muturrekoa den atxikimendua, segurtasun eza, emozioen kudeaketa okerra, izaera desafiatzailea, ikasteko zailtasunak, etorkizunari beldurra izatea...
Nola alda daiteke gurasoen jarrera?
Gehiegizko kontrola eta babeseko jarrera aldatzea ez da erraza, eguneroko lana baizik. Baina zer egin daiteke? Hona hemen adituen zenbait aholku: seme-alabei pixkanaka espazioa uztea; kezka kontrolatzea; erabakiak bere ordez hartu beharrean, erabakiak hartzen laguntzea; hanka sartzen uztea, erraza ez bada ere; haien adinerako egokiak diren zereginak eta erantzukizunak ematea; konfiantza ematea; gurasoek haien beldurrei aurre egitea; alabak edo semeak zer behar duen pentsatzea; eta seme-alaben behar eta gutizia guztiak behar baino lehenago ez asetzea, fustrazioa jasaten eta kudeatzen ikas dezaten.
