Zure katuak teklatuaren gainean egon nahi izatearen arrazoi zientifikoa

Zure katuak teklatuaren gainean egon nahi izatearen arrazoi zientifikoa Ez da teklatuak darion epeltasunagatik edo hurbil eduki nahi zaituelako: bere autoritatea erakusten ari da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zure-katuak-teklatuaren-gainean-egon-nahi-izatearen-arrazoi-zientifikoa/@@download/image/shutterstock_1707039982.jpg
2023/06/23

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ez da teklatuak darion epeltasunagatik edo hurbil eduki nahi zaituelako: bere autoritatea erakusten ari da.
Zure katuak teklatuaren gainean egon nahi izatearen arrazoi zientifikoa

Ia egunero gertatzen zaizu, zure idazmahaian eserita zaude, idazten, eta bat-batean ordenagailuko teklatuaren gainean jartzen zaizu katua. Idazten ari zaren hurrengo lerroak honelako zerbait dio: "aoihagfhkasohiqhoifioqhtoiqwoi". 

Thomas Ling kazetariak Science Focus argitalpenean adierazten du, David Sands estologoaren hipotesietan oinarrituta, zure katuak ez duela ideiarik zertarako balio duen teklatuak. Orduan, zergatik etzaten da bertan behin eta berriz? 

Teoria zabalduena teklatuaren epeltasunarena da. Hau da, zure katuari bertan etzatea gustatzen zaio bero dagoelako. Baina orduan zergatik ez da berogailuaren ondoan etzaten, adibidez? Ez dirudi beroaren teoria sostengatzen denik. Liverpool Unibertsitateko doktorea den Sands etologoararen 
arabera, beste teoria batek funts gehiago du: teklatuaren usaina gustatzen zaie. 

Hobe esanda, teklatuan uzten duzun usaina da gustatzen zaiena. Zuk ezingo duzu usaindu, baina zure katuak bai. Usaimen izugarri garatua dute. Lurraldetasunagatik burutzen  du jokabide hau. Zure usainaren gainean etzaten da, ez maite zaituelako, baizik eta bere usaina nagusitzea nahi duelako. Hau egiten duenean zure katuak hauxe esaten dizu: "Zure jabea naiz", baieztatzen du Sands etologoak. 

Zure katua ez da zuk uste duzuna bezain maitekorra. Sands-en hitzetan: "Jendeak beti pentsatzen du norbere aurka igurzten diren katuak maitasuna erakusten dutelako dela, baina katuak oso posesiboak dira eta igurzterakoan euren usaina uzten saiatzen dira zugan". Beraz, ordu batzuk jarraian lasai lan egin nahi baduzu, onena gelako atea ixtea daajaoiqar0ojtopqporhakha.