Zure garuna zaindu nahi baduzu irakurri

Zure garuna zaindu nahi baduzu irakurri Irakurtzearen ohiturak gure nortasuna eta enpatia indartzez gain, garunari sekulako onurak dakarzkio, narriatze kognitibotik babestuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zure-garuna-zaindu-nahi-baduzu-irakurri/@@download/image/google-pair-violeta-noy-illustration-ai-reading-thumbnail.jpg
2022/02/21

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ilustrazioa: Violeta Noy

Irakurtzearen ohiturak gure nortasuna eta enpatia indartzez gain, garunari sekulako onurak dakarzkio, narriatze kognitibotik babestuz.
Zure garuna zaindu nahi baduzu irakurri

Irakurtzea baino ariketa mental handiagorik ez dago. Irudimena lantzeaz gain narriatze kognitibotik babestu, edo behintzat atzeratu baitezake. Irakurtzea abstrakzio ariketa bikaina da, gure garuna kontzentrazio maila gorenera eramanez. Gure gaitasunak estimulatzen ditu eta hainbat onura eskaini. 

Hala, irakurketa ekintza ez da  erromantizismo  kontu bat, ekintza honen onurak zientziak frogatuak ditu. Ikertzaileek, erresonantzia magnetikoaren teknikak erabiliz garuneko zirkuitu neuronalen jokabidea behatu ahal izan dute subjektuek irakurtzen zuten bitartean.

Aurkitu dute irakurtzerakoan neurona zirkuituen sare konplexu bat aktibatzen dela. Gainera, irakurtze gaitasuna indartu egiten da geroz eta gehiago irakurri ahala. Honela, istorioaren traman aurrera egin ahala, garuneko gune gehiago argitzen ziren. Ez hori bakarrik, behin liburua amaituta, garunaren konektibitatea hazi egiten dela behatu zuten. Honek frogatzen du irakurtzearen onurak ez direla denbora bat ondoren desagertzen, baizik eta gure garuna pixkanaka modelatzen duela konexio neuronal berriak sortuz. 

Baina zergatik da horren onuragarria irakurtzea? Hizkuntzan dago erantzuna. Kontzeptu zehatzei esanahiak ezartzeko jarduera ikarragarria da garunarentzat. Gainera, gure hizkuntza gaitasunak hobetu egiten dira adinean aurrera goazen heinean, kontzeptu abstraktuak ulertzeko gaitasuna ere hobetuz. Hori dela eta, zahartzaroan pairatu litekeen narriadura kognitiboa ekiditen lagundu lezake, alzheimerra bezalako gaixotasunak garatzea eragotziz. 


Beste ikerketa batek dio, bizitza osoan zehar irakurtzeko ohitura mantendu dutenek memoria hobeto garatzen dutela, irakurtzeko ohiturarik ez dutenekin alderatuta, dementzia gaixotasunak ekiditeko bidea izanez, hau ere.

Denak ez dira, ordea, onura neuronalak. Izan ere, nortasuna ere indartua ateratzen da irakurketatik. Beste edozein narratiba moduetan baino (zinema adibidez) estuagoa da pertsonaiekin irakurleak duen hurbiltasuna eta horregatik enpatia gaitasuna izugarri garatzen da. Besteen sentimenduak eta sinesmenak hobeto ulertzen laguntzen digu irakurtzeak. Pertsonaien larruan jarrita euren dilema berdinak planteatu behar izaten baititu irakurleak, eta euren bitartez, bere nortasuna eboluzionatuz joango da, egunero bere buruaren bertsio hobeago bat sortuz.