Zure ametsa auto hegalarian ibiltzea bada, uste baino lehen gerta daiteke

Back to the Future pelikulako Marty Mcflyren gisan, auto hegalarian ibiltzea amestu dute haur eta gaztetxo askok. Ameskeria hutsa bazen ere, Estatu Batuetan kokatutako Alef Aeronautics enpresa hamarkada batez aritu da auto hegalariak garatzen, eta badirudi laster plazaratuko dutela lehen modeloa.
Alef auto hegalaria elektrikoa da, bide publikoetan gidatu daiteke eta bertikalean aireratu eta lur hartzen du. Ez du ziurtagirik behar errepideetan hegan egiteko, baina bere mugak ditu: egunez soilik airera daiteke eta gune jakinetan. Ezin daiteke jende asko bizi den inguruneetan hegan egin.
A modeloarekin probak egin zituzten duela hilabete batzuk, beharrezko segurtasun neurriak hartuta: errepidea itxi, jende asko ez den tokia hautatu, hegan egingo zuen tokiaren azpian edo gertuan inor ez zegoela ziurtatu, eta segurtasun langileak bertan izan. Proba ondo atera zen eta merkaturatzeko beharrezko pausoak jarraitzen ari dira orain.
3.400 aurre-salmenta eskaera jaso omen dituzte dagoeneko, eta Alef aurre-ekoizpen lanetan ari da Silicon Valleyko egoitzan. Ekoizpena urte amaieran edo 2026ko lehen hiruhilekoan hasiko dutela aurreikusten dute. Lehen modelo honek, Ak, 300.000 dolarreko prezioa du abiapuntu, baina enpresaren arabera, kostua "nabarmen jaitsiko da" eta denboraren poderioz, 26.000 eurotik beherakoa izango omen da.
Z izeneko bigarren modelo batekin ere hasi dira lanean, eta 35.000 dolar inguruko prezioa izatea litzateke helburua. Hala ere, itxaron egin beharko da horretarako, 2035ean merkaturatzea baita asmoa.