Zure aitona-amonak bisitatzeak euren bizi-itxaropena hazten du
Historian zehar, mediku ikerkeak osasun fisikoan bakarrik zentratu dira. Egun, kontzientziazio konplexu eta motelari esker, osasun psikologikoak merezi duen arreta du osasun alorrean. Alta, osasunaren dimentsio bat geratzen da oraindik eztabaidetan txertatzeko: osasun soziala. Izan ere, pertsona baten soziabilitatearen kalitateak gorputz, buru eta zoriontasunean modu erabakigarrian eragiten du. Bakardadea infernua da, apurka apurka suntsitzen gaituena.
Harreman sozialen falta heriotza-tasa altuekin lotuta dago, nahiz eta zientziak oraindik ez dakien zehazki zein modutan eragiten duen. Litekeena da bakardadeak gorputzean fisiologikoki eragitea eta presio arterialean, erantzun immunean edota garapen neurologikoaren kaskartzean eragitea. Hala diote ikerketa batzuk bederen. Bakardadeak osasun fisikoa zeharka ere larritzen du, bizi ohitura ez osasuntsuak eraginez, ariketa fisiko gutxituz eta tabakoaren edo alkoholaren kontsumoa areagotuz. Dena delarik ere arrazoia, zenbakiak tristeki oso esanguratsuak dira.
Bakardade subjektibo edo objektiboak hilezkortasuna %26-%32 artean hazi lezake. Ikerketa batek baino gehiagok baieztatu dituzte kopuru hauek. Berriki burutu den bat BMC Medicine aldizkarian argitaratu da eta frogatu du konexio sozialik ez duten pertsonek edota talde jarduerak egiten ez dituztenek euren osasuna okerragotzeko aukera gehiago dituztela, eta baita heriotza goiztiarra pairatzekoa ere. Gogorra da entzutea eta ardura ezartzen digu guztioi gainean. Ez ahaztu zaurgarritasun sozialean egon litezkeen zure aitona-amonak, gurasoak edo maite dituzun beste pertsonak bisitatzea noizean behin, jarduera honek euren biziak luzatuko baititu.
Baina kasu, horrenbeste maite dituzun pertsona horientzat ez da nahikoa noizean behin bisitak jasotzea eta hauek kalitate txarrekoak izatea. Eurekin benetan denbora igarotzen duzula sentitu behar dute. Zurekin konektatzeko beharra dute eta zu ere harreman horretatik irabazten aterako zara. Izan ere, gure amona bisitatzean edo gure senideei laguntzean, beraiei bizia emateaz gain, gu ere irabazten aterako gara, partekatzen dugun hori baikara. Beraz, eurekin gaudenean mugikor eta sare sozial gutxiago; funtsezkora itzuli eta gozatu.