Zura: Haize berri gozo eta beroak

Zura: Haize berri gozo eta beroak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zura-haize-berri-gozo-eta-beroak/@@download/image/92p54zura_1363097813.jpg
2009/01/02
erreportajea
Aspaldiko negu gorrienari aurre egiteko formula perfektua da.   Zura taldearen bigarren diskoaz ari gara: Euriari funka, hotzari bossa, eta elurrari… samba!

Xabi Strubellen izena berritasunari eta ezusteko atseginen xarmari lotua dago. Ez da gehiegikeria hori esatea. Strubellen ibilbidearen berri ez duen norbaitek, akaso, pentsa dezake gehiegikerietan ari garela, hondarribiko musikaria ez baita sekula eskenatokiko musikari bistakoena izan. Ez bera, ezta Zuran taldekide dituenak ere.

Dut taldean ezagutu genuen Strubell, 1995an Euskal Herria astindu zuen lehergailu musikal harekin. Anarirekin aritu zen geroago, eta Zura sortu zuen ondoren. Horrez gain, DJ-a da eta poesia egiten du. Baina Zura ez da Strubell bakarrik. Aldamenean ditu Nerea Olaxaren ahots eztia, Diego Garciaren bateria txundigarria, Gorka Sesma gitarrajolearen abilezia (Kashbad ohia), eta Hans-en baxu aparta.

Gauzak honela, brasildar kutsuko erritmo eta armoniak dotore uztartu dituzte funka, soula, jazza eta rocka bezalako estiloekin. Grabaketa prozesuan, berriz, laguntza ederra izan dute: Ken 7ko Eñaut, Anari, Sorkun… Eta baita atentzioa eman digun lagun bat ere: Sabina, Wemean taldekoa. Hainbeste urte pasatu eta gero, pozgarria da berriro ere Suitzako musikariaren berri izatea!

Diskoaren mamiari dagokionez, Strubellek konposatu eta idatzi ditu abestien doinuak eta hitzak, bat izan ezik: Propostas para o definicao do exilio, Joseba Sarrionandiaren poema. Zinez ederra, berezia da durangarraren hitzekin osatutako abestia.

Gainontzeko abestiak ere hala dira, ederrak; disko bikaina baita honakoa, adiskide. Eta, lehen aipatu bezala, berritzailea. Izan ere, Strubell tarteko, ezin espero genezakeen arrunkeriarik, epel utziko gintuen proiekturik. Alderantziz: Zurak haize berri, gozo eta beroak dakarzkigu Txingudiko badiatik.