'Zulora' eztabaida-saioa irailaren 30etik aurrera

'Zulora' eztabaida-saioa irailaren 30etik aurrera Gazteek gaurkotasuneko gaiei buruz solas egingo dute, sareko matxismoaz eta arrazakeriaz esaterako. Sei atal izango dira guztira eta bi astez behin sareratuko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zulora-eztabaida-saioa-irailaren-30etik-aurrera/@@download/image/20210920101313_ane-zuazubiskar-zulora_foto610x342.jpg
2021/09/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gazteek gaurkotasuneko gaiei buruz solas egingo dute, sareko matxismoaz eta arrazakeriaz esaterako. Sei atal izango dira guztira eta bi astez behin sareratuko dituzte.
'Zulora' eztabaida-saioa irailaren 30etik aurrera

Pil-pilean dagoen gai bat hartu eta horren bueltan zeresana duten hiru gazte elkartuko ditu Zulora eztabaida-saioak, haien kezkak eta bizipenak konpartitu ditzaten. Sortzaileek azaldu dutenez, "konfiantzazko giroa sortu eta iritzia emateko espazio erosoa izatea da saioaren erronka". Sei atalek osatuko dute lehen denboraldia eta lehen atala irailaren 30etik aurrera izango da ikusgai. Bi asteko maiztasunez zabalduko dira atal berriak Gaztea-ren Youtubeko kanalean eta eitb.eus atarian. Ane Zuazubiskar kazetari eta bertsolariak aurkeztuko du Hiru Damatxo komunikazio taldeak ekoitzitako saioa. 

Zulora saioaren muina gazteen arteko solasaldia izango bada ere, bestelako atalak ere izango ditu: Zulotik at, Julen Portillo TikToker eta umoregilea kalera aterako da, saioan jorratzen diren gaien inguruko iritziak jasotzeko; Hesteetatik larri, animazio esketx laburra, komunean dagoen pertsonaia baten burutazioak eta gertakariak jasoko dituena; eta Bota!, landuko den gaian aditua den pertsona baten ikuspuntua eta informazioa jasoko dituena. 

Atal bakoitzak 30 minutu inguruko iraupena izango du, baina saioko unerik onenen laburpenak eta beste hainbat bideo labur ere zintzilikatuko dituzte Twiterren eta Instagramen saioarentzat berariaz sortutako kontuetan. Facebooken Gaztea-ren kontua erabiliko dute. 

Lehen atala: Matxismoaren sarean
Irailaren 30ean izango da ikusgai Zulora saioaren lehen atala, 22:00etatik aurrera. Matxismoaren sarean izenburupean, Maialen Arteaga kazetaria, Marina Landa musikari eta ikerlaria, eta Irati Erauskin psikologoa emakume gazteek sare sozialetan sufritzen dituzten jarrera matxistez arituko dira eta euren eguneroko jardunetan duten eraginaz. Aditu gisa, Estibaliz Linares ikerlaria izango dute gonbidatu.

Bigarren saioaren izenburua Arrazistak, gu? izango da, eta Euskal Herriko gazte arrazializatuek bizi dituzten errealitateen inguruan hausnartuko dute Oihane Ofogo, Jon Arantzabal eta Leo Bueriberik. EHUko irakasle eta Irungo Harrera Sareko kide den Anaitze Agirrek osatuko du eztabaidaren mamia.

Hurrengo lau saioetan beste hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola buru-osasuna, eliteko kirola eta gazteen kriminalizazioa.