Zuhaitzak azkarrago hazten eta goizegi hiltzen dira

Deforestazio masibo eta azkarraren aurka zuhaitzak landatzeko ekimenak positiboak diren arren, praktika honen eraginkortasuna ezbaian jarri du Cambridge Unibertsitateko zientzialari talde batek. Nature Communications aldizkariko azken zenbakian argitaratutako ikerketan zehaztu dutenez, Klima Aldaketak zuhaitzen metabolismoa eraldatu du; hala, egun zuhaitzak azkarrago hazten dira, baina hazte azkar horrek lehenago hiltzera kondenatzen ditu, atmosferatik xurgatutako karbonoa lehenago askatuz.
Ondorioz, zuhaitzak landatzearen efektu positiboak oso mugatuak direla dio ikerketa honek. Horregatik, zuhaitz zaharrak bizirik mantentzearen garrantzia nabarmendu dute, haiek baitira benetan karbonoa xurgatzeko eraginkorrenak. Ikerketarako 1.800 zuhaitz aztertu dituzte, bai hildakoak eta baita bizirik daudenak; analisi mardul honek azken 2.000 urtetan zuhaitzen izan dituzten eraldaketak bildu ditu.
Hala, ondorioetako bat temperatura beroen eragin negatiboa da; hotzean jaio eta hazitako zuhaitzek denbora gehiago behar dute heldutasunera iristeko, baina gehiago bizi dira; aldiz, tenperatura epeletan jaiotakoak azkar hazi eta goiz hiltzen dira. Ur eskasiak ere antzeko efektuak eragiten ditu.
Eta zergatik dira ekologikoki negatiboak zuhaitzen heriotza goiztiar horiek? PLoS ONE aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketa batek dioenez, eremu urbanoetan landatutako zuhaitzak goizegi hiltzen dira, eta ez dute karbono isuria neutralizatzeko astirik. Hain zuzen, hirietako zuhaitzak 26 eta 33 urte bizi beharko lukete gutxienez airetik xurgatutako karbonoaren neutraltasuna lortu ahal izateko.