Zugarramurdi, 400 urte

Zugarramurdi, 400 urte https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zugarramurdi-400-urte/@@download/image/2010465750zugarramurdi_8.jpg
2010/04/02
erreportajea
Testua: Igone Fernandez Argazkiak: Lander Garro
1610eko azaroaren 8an, sorginkeria leporatuta, Zugarramurdiko eta Urdazubiko 11 gizon eta emakume kiskali zituzten LogroÑoko plazan Inkisizioaren sutan. 30.000 bat lagun hurbildu ziren sarraskia bertatik bertara ikustera; batzuen heriotza zigorra morboz eta dibertsioz beteriko hitzordua baitzen histeriak eta ezjakintasunak itsututakoentzat. Europako azken prozesu handia izan zen hura.

Zer, noiz, nola
Maria Arburu, Maria Baztan, Graxiana Xarra, Maria Etxatxute, Domingo Subildegi eta Petri Juangorena sugarrek irentsi zituzten. Maria Etxeleku, Estebania Petrisanzena, Juanes Etxegi, Juanes Odia eta Maria Zozoia, ordea, presoaldiak usteldu zituen. Azken hauen gorpuak erre egin zituzten, hala ere. Hainbestekoa zen fanatismoa. Sententzia bezperan entzuna zuten; oinutsik eta soka lepoan zutela. Sutara.

Dena dela, bi urte atzerago egin behar dugu amaieraren hasieraren bila. Pierre de Lancre inkisidore frantziarrak Lapurdin abiatutako sorgin ehizaren oihartzunak iritsi ziren Zugarramurdira eta, beldurraren beldurrez, eroaldiak kutsatu zituen bertakoak. Hala, Maria Ximildegi eta beste hainbat auzokidek deabrua gurtu izana aitortu zuten herriko elizan. Iskanbila itzela eratu zen, baina elizan bertan eginiko bilkura batean argitu eta konpondu zituzten gorabeherak. Urdazubiko monasterioko abade Frai Leon Aranibarrek ez zuen, hargatik, lasaiturik hartu eta halako heresiek jazarpen gogorragoa merezi zutenaz konbentzituta, lau emakumeren aurkako salaketa igorri zuen Logroñoko Auzitegira. Azken honek akusatuak atxilotzeko agindu eta Juan Valle, Alonso Becerra eta Alonso Salazar inkisidoreek osaturiko ordezkaritza bidali zuen Nafarroako lur haietan gertatzen ari zenaren berri jasotzera. Fededun guztiak sorginak salatzera behartuko zituen fede-ediktua ezarrita, eskumikatzearen mehatxupean, akusazio uholdea iritsi zen. Guztira, Nafarroa mendialdeko 300 bat laguni egotzi zieten sorginkeria; 31 Logroñon espetxeratu eta bertan eduki zituzten 1609ko udaberritik 1610eko udazkenera arte, azaroaren 7an eta 8an epaia hartu zuten arte. Emaitza ezaguna da: batzuk izena aski zikinduta barkatu zituzten. Beste 11, ordea, sutan erre; sei bizirik eta beste bost hilik.

Autofede hark ez zuen, baina, barealdirik ekarri Pirinio magalera, histeria kolektiboa izurritea bailitzan hedatu baitzen Bidasoaldean eta Baztanen barna. Sorgin eta deabru zaleen izenak bazter guztietan, bizipen fantastikoen lekukotzak, akelarreen deskribapen zorrotzak… eta, batez ere, salaketak. Zigorretik ihesi eta absoluzio bila, herritarrek nahiago baitzuten euren irudimenean besterik ez zeuden bekatuengatik barkamena eskatu eta albokoa salatu; inkisidoreen konplize bilakatu, azken batean.

1613an prozesuak bosgarren urtea bete zuenean, Auzitegi Santuak 5.000 akusazio baino gehiago zituen esku artean –tartean 1.384 ume–. Egoerak kontrolpetik ihes egin zien eta 1614an bukatutzat eman zuten Zugarramurdin abiaturiko ehiza.

Zergatik Zugarramurdi?

Nafarroako herriak bazituen, nolabait esatearren, Inkisizioaren eroaldi haren biktima izateko txartel edo aukera dezente; Logroñotik etorritako ordezkariek, antza, askotariko zantzuak aurkitu zituzten inguru hau deabruaren paradisu zela arrazoitzeko.

Lehenengoa: hizkuntza bera, euskara. De Lancre inkisidore frantziarrak horixe ondorioztatu zuen pittin bat iparralderago, Lapurdin, eginiko egonaldi hartatik: "Hizkuntza arraro eta ezezagun batean mintzatzen dira; horixe da lehen seinale txarra". Gainera, Inkisizioari arrotzak zitzaizkion, baita ere, euskal kulturaren beste zenbait aspektu. Esate baterako, ulertezina eta susmagarria zitzaien garaiko euskaldunen "espiritu aristokratikoa", etxe edo borda apalenean bizi izanda ere honen izena hartzen baitzuten deituratzat. Era berean, onartezina zeritzen herriko abadeak pilotan jokatzen edota dantzan ikustea. Baina, batez ere, emakumeak zituzten jomugan, Elizaren begitan beti arriskutsu. Hauek Euskal Herriko elizkizunetan zuten parte hartzea eta apaizekin zuten harremana gehiegizkotzat jotzen zuten, eta ikaragarri arriskutsua iruditzen zitzaien, halaber, gizonak Ternuan arrantzan edo tratutan ziren artean herria andreen esku uztea; ohitura onak galduta, arintasunean erori eta Satanas besarkatzen omen zutelako. Izugarria.

Bestalde, faktore geografikoak ere elikatu zuen sorginen herriaren mitoa. Bada bertan koba handi bat, Infernukoerreka izenaz ezaguna den erreka batek gurutzatzen duena. Bertakoentzat batzar edota ospakizunetarako betiko biltoki estalia zen hura, kultu satanikorako tenplua zen gurutzedun eliza garaiak eraiki eta inposatzen zituztenentzat. Zugarramurdi inguruko lurrak inorenak ez zirela kontsideratzen zuten, gainera: politikoki Gaztelarenak –Nafarroako Erreinua indarrez hartu ondoren–, baina Lapurdirekin muga-mugan. Horregatik, bandolero frankok ez ezik, De Lancreren atzaparretatik ihes egindako sorgin famili askok ere hartzen ei zuten aterpe bertan, beti ere Inkisizioaren hitzetan.

Azkenik, osagai sozialago edo politikoagoei ere erreparatu behar diegu genozidio hura azaltzeko –ez justifikatzeko–. Izan ere, garai hartan Urdazubi eta Zugarramurdi San Salvador monasterioaren menpe zeuden eta, dirudienez, hainbat herritarrek zergak ordaintzeari uko egin zioten. Jakina, haiek sorgintzat jotzea primerako aukera izan zen aldarrikapen edo mugimendu sozial oro eragotzi eta desagerrarazteko.

Sorginen egiazko aurpegia

Honetan badira, noski, bertsio anitz. Valle, Becerra eta Salazar inkisidoreek idatzirikoari jaramon eginez gero, akelarre lizunetan deabrua gurtzen zuten gizon, emakume eta haur fedegabe eta maltzurrez idatzi behar dugu; edari zaleak eta zapo, katu nahiz sugeekin ukendu haluzinogenoak eta pozoi arriskutsuak prestatzen trebeak. Uholde eta haizete bortitzak sorrarazteko gai, uztak hondatzen omen zituzten eta herrikideak zorigaitzean ito. Gauez ume gajoak euren ohetatik atera eta, erratza gainean hegan, Zugarramurdiko kobara Satanasekin biltzera eramaten zituztela ere kontatzen zuten ordukoek. Aker itxura hartzen ei zuen batzutan, idiarena zenbaitetan, enbor handi eta iluna bestetan… Neguak luzeak izaten ziren orduan, auzokideen arteko bekaizkeriak eta liskarrak gogorrak; eta are gogorragoak torturak. Ez da harritzekoa, beraz, halako kontakizun osotu, zehatz eta irudimentsuak asmatu izana.

Nolanahi ere, argi dago garaiko gaitz guztiak sorginengan gorpuztu zituztela. Zergatik ote? Baten bati oso deserosoak zitzaizkion, gero, hatzez seinalatutako haiek. Izan ere, botere faktikoek (Elizak, jauntxo lurjabeek) euren autoritatea ezarri eta bermatuko bazuten, ezinbestekoa zitzaien lehenagotik bertan ziren lidergo fokuak paretik kentzea. Horrenbestez, nolabaiteko gidaritza gaitasun eta rol onartua zuten pertsonei leporatu zieten sorginkeria, arrazoi ezberdinengatik jendearen onespena zuten horiei, aginte berria indarrez inposatu nahi zutenentzat traba ziren horiei. Kristautasuna sartu aurreko sinismen eta tradizioei eusten zietenak izan zitezkeen, adibidez; oraindik ere Mariri buruzko kontakizunak gordetzen zituztenak, zerua irakurtzen zutenak eta noizean behin ezkutuan biltzeko leizea erabiltzen zutenak. Jende arruntak baino gehiago zekitenak ere ez ziren fidagarriak, nahiago zuten ezjakintasunak otzandutako artaldea, eta horrexegatik jazarri zituzten, esaterako, sendabelarrak ezagutzen zituzten haiek.  Genozidioa pairatu zuten, baita ere, matxinatu eta zergak ez ordaintzeko adorea izan zutenek, edota bandoleroekin tratuan ibiltzen zirenek.

Istorio haiek guztiek, beraz, ia deus ez zuten egiazko; eta fikziotik asko. Urte batzuk geroago, Salazar inkisidoreak berak ulertuko zuen han ez zela inoiz gaueko hegaldirik izan, ez eta zapo magikorik, ez eragindako ekaitzik, ez bahiketarik. Ustezko akelarreak nekazal festak besterik ez ziren; jan, edan eta kantatzeko bilkurak. Eta erre zituztenak nekazari, ikazkin eta artzain xumeak ziren, kristautasuna heldu aurreko unibertso mitologikoa gordetzen zutenak.
Hala ere, badaezpada: "Direnik ez da sinetsi behar, ez direnik ez da erran behar".

Agenda


400. urteurrenaren karietara, sorgin ehiza jasan zuten haien memoria berreraikitzeko gogoz, programazio oparoa prestatu dute.

Aste Santuan: Leizerako bidean, bisita antzeztuak eginen dituzte Ilargi betea eta Sorginen larrea izenburupean.

Apirilak 19: Nafarroako Erreinua turismo gala Zugarramurdiko leizean bertan eginen dute eta sorginek akelarre bat antzeztuko dute.

Maiatzean: Sorginak! Inkisizioaren artxiboak eta Zugarramurdi izeneko erakusketa aurkeztuko dute Zugarramurdin. Ondoren, ikusgai egonen da Nafarroako zenbait herritan berriz ere Zugarramurdira itzuli baino aitzin.

Ekainak19: Sorginen Eguna ospatuko dute hirugarren urtez. Uztaila eta iraila bitarte: Berriz ere bisita antzeztuak eginen dituzte leizerako bidean. Bestalde, koban bertan musika ekitaldi bat antolatzea aurreikusten dute. Gainera, sorginek akelarrea antzeztuko dute Oliteko Antzerki Jaialdiaren programazioaren baitan.

Azaroak 7 eta 8: Prozesuan eraildakoen omenezko argizariak piztuko dituzte. Bestalde, hilabete osoan zehar, inkisizio eta sorginkeria gaietan aditua den Gustav Henningsenek hitzaldiak emango ditu Zugarramurdin eta Iruñean.Datarik zehaztu ez badute ere, 31 auziperatuen omenezko 31 zumar landatzea aurreikusten dute. Sendabelarren tailerra, dantza ikuskizunak, piroteknia eta musika ikuskizunak egitea ere espero dute. 

Ainhoa Agirre: “Ezberdinarekiko beldurretik eta intolerantziatik abiatzen da ehiza”



Ainhoa Agirre beratarra Zugarramurdiko Sorginen Museoko eta Leizeko arduradun nagusia da. Turismo ikasketak egin zituen Donostiako Deustuko Unibertsitatean, 30 urte ditu eta azken hiruak daramatza honetan buru belarri, grinatsu, museoak bere ateak zabaldu zituenetik kasik. Hortaz, zein bera baino hobe gure galderei erantzuteko.

Zugarramurdiko gazteek ezagutzen al dute beren herriko historia?
Nik uste dut baietz, seguru nago, bai. Batez ere aurten, urteurrena dela eta, izan dute aukera nonahi entzuteko. Baina, bestela ere, ezaguna dute.

Nola transmititu da, ba, ezagutza hori?
Horretan zalantza dugu. Ez dakigu antzinatik, XVII. mendean gertatu zena gertatu zenetik mantendu ote den belaunaldiz belaunaldi historia bizirik, edo gertatu ondoren ahaztu ote zen Aita Barandiaranek berreskuratu zuen arte. Bertakoek ere ez dakite argi nola izan den.

Baten batek pentsa lezake gazteek ez dutela horrelako gai historikoekiko interesik…
Nik justu kontrakoa uste dut. Museoa ireki baino lehen, 2006ko irailean, proiektuaren inguruko informazioa zabaltzeko ikastaro batzuk antolatu genituen hemen bertan, oraindik ere lanak amaitu gabe zirenean. Bizilagun pila batek parte hartu zuen, jendea kontent ageri zen proiektuarekin, sarrerak ere banatu genituen eta nik uste herritar guztiak pasatu zirela hemendik. Batzuk errepikatu ere egin zuten! Gerora, akelarreak antzezteko adibidez, jendearen parte hartzea eskatu dugun guztietan herrikoek gustura erantzun dute. Adin guztietakoek, gazteek ere bai noski.

Zer topatuko du museora hurbiltzen denak?
Sorginen gaian oinarritzen da, hemen XVII. mendean gertatutakoek egin dutelako ospetsu herri hau, eta hori delako, hain zuzen, ezagutzera eman nahi duguna. Lehen, leizea izaten zen baliabide erakargarriena, eta bisita hori museoarekin osatzea izan zen Udalaren lehen helburua, benetako historia ezagutaraztea. Neurri handi batean, inoiz gertatu ez ziren gertakariak leporatuta hil zituzten haiei eskainitako omenaldia da hau, pertsona haien memoria gordetzen duen tokia da, eta herritarrek hala sentitzen dute gainera. Beraiek dira proiektu honen ardatz, eta horregatik, kultur etxe modura ere funtzionatzen du zugarramurditarrentzat. Turistei begira antolatzen ditugu gauzak, baina herrikoek ere hor dute etxea beren gauzak egiteko, eta kontent gaude alde horretatik.

Berezitasunen bat?
Atentzioa ematen duen lehenengo gauza horrelako eraikin handi baten barruan gisa honetako museo bat aurkitzea da, erakusketan saiatu garelako gaiak aurkezteko teknologia berriak erabiltzen: ikus-entzunezkoak, ukipen-pantailak… ahalik eta erakargarrien egiteko. Jendeari atentzioa ematen dio, baita ere, historia bera bi ikuspuntu ezberdinetatik ezagutu ahal izatea. Lehenbiziko solairuan sorginen mitoa nola sortu zen kontatzen da; Maria Ximildegi aipatzen da, Urdazubiko Abadea, Inkisizioa nola iritsi zen inguru honetara, nola egiten zituzten galdeketak, epaiketa… 1608 eta 1614 bitarteko gertakariak kontatzen dira, batez ere, Elizaren ikuspuntutik. Baina gero, bigarren solairuan, jendea harritu egiten da sorgintzat jo zituzten emakume haiek benetan nor ziren kontatzen zaienean. Ez zirela emakume maltzurrak, herriko bizilagun normalak baizik, garaiko belagileak, emaginak, belarretan jakitunak…  arrazoi batengatik edo beste batengatik boteretsuak zirenak.

Ikasgai nagusia beraz…
Sorgin estereotipatuaren irudia desitxuratzen du museoak. Eta, bestalde, sorgin ehizak mundu osoan zehar eta garai ezberdinetan existitu direla ulertuko dugu, ezberdina den norbaitekiko beldurretik eta intolerantziatik abiatzen delako ehiza hori.

Museoa hartzen duen eraikinak berak ere badu historia, ezta?
Bai, eraikin enblematikoa dela esaten dugu. Antzina ospitalea izan zen, nesken eskola geroago eta, gainera, leizetik 300 metro eskasera dago. Hortaz, kokapena ere ezin hobea da.

Ekainaren 19an sorginen eguna ospatuko duzue Zugarramurdin. Zer izanen da ikusgai?
Lehen gaupasa zena ordezkatzeko hasi ziren herrikoak egun hau antolatzen orain dela hiru urte. Gaupasa hartara, leizean egiten zen kontzertura, milaka pertsona etortzen ziren eta oso zaila izaten zen hura kontrolatzea; horregatik erabaki zuten horrelako gehiagorik ez egitea. Orain ospatzen dugun sorgin eguna San Juan aitzineko larunbatean izaten da eta, aurten, hiru hitzaldi izango ditugu egunean zehar museoan, artisauen postuak eta animazioa kalean, antzerkia, akelarrea leizean… eta, urteurrena dela eta, ekitaldi bereziren bat ere izanen da seguru. Baina ezin dut oraindik ziurtatu.

Eneko Aritzaren lagunen ekarpena: "Sua"



Logroñokoek Zugarramurdin baino justu urtebete lehenago abiatu zuen Pierre de Lancre frantsesak bere ibilbide genozida Lapurdin. Sorgin ehizaren 400. urteurrena, beraz, iaz izan zuten bertan. Hain zuzen ere gertaera lazgarri haiek jaso dituzte Eneko Aritzaren Lagunak taldea osatzen duten Ibarrako gazteek esku artean duten egitasmo berrian: Sua. 2004an hasi zituzten grabaketak eta, hortaz, sei urte daramatzate inkisidoreak jazarritako Donibane Lohizune, Urruña, Senpere, Uztaritze, Sara eta Hazparneko seme-alaben historiak gogora ekartzen. 50 lagun baino gehiago erail zituen, eta askoz gehiago deserrira kondenatu. Batez ere gizarte klase baxuetako familien aurka ekin zuen eta soilik bere hatzaparrek goragoko estamentuak ere ukitu zituztenean arduratu zen botere zibila Pierre de Lancreren fanatismoa geldiarazteaz.

Film luzearen eszenak Euskal Herri osoko hamaika txokotan errodatu dituzte –Mauleko gazteluan, Legazpiko burdinolan, Bermeoko baleontzi batean eta Dimako kobazuloetan, besteak beste– eta 2010ean zehar estreinatzea espero dute, nahiz eta edizio lan luzea duten oraindik egiteke. Jakina baita tankera honetako proiektu autogestionatu batek galdatzen duen denbora inbertsioa handia izaten dela beti. Baina, Unai Igartua kideak dioen moduan, "borondatezko hautua" izan da eta, nekeak neke, pozik ageri dira.

Gogora dezagun Ibarrako gazte talde honek 2002 urtean hasi zuela bere ibilbidea, Euskal Herriko historiaren pasarte ezkutatu eta isildu hainbestetako bat argumentu hartuta Eneko Aritza film laburra aurkeztu zutenean; Orreagako guda eta Nafarroako lehenengo erregearen historia. Arrakasta uste baino handiagoa izan zen eta berehala jarri zituzten buruak martxan Sua ideia gorpuzteko. Egitasmoa formaltzeko gogoz Eneko Aritzaren Lagunak Kultur Elkartea osatu zuten arren, administrazioak behin eta berriz muzin egin dio diru-laguntzak emateari eta, azkenean, eskean ibiltzeaz nazkatuta, antolatutako jaialdietatik, kontzertuetatik eta txosnetatik lortutako sosekin egin dute aurrera. Eta ez edonola, esate baterako 1.000 bat estra aritu baitira Sua filmaren grabaketan. Izan ere, Igartuak berak azpimarratzen duenez, horixe dute helburu nagusia: "Euskal Herriko gazteek elkar ezagutzea, taberna zuloetatik irtetea eta ongi pasatzea". Euskararen erabilera esparruak zabaldu nahi dituzte, gazteak aktibatu, gure historia ezagutarazi eta, bide batez, filmagintza mundua ere jendearengana hurbildu.