Zu bat gehiago

Zu bat gehiago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zu-bat-gehiago/@@download/image/48p49-1_1366810255.jpg
2005/01/07
erreportajea
Amagoia Iban


Elkarri begiratu, eta hasi dira sesioan. "Tonto!", bota du batek. "Zu bat gehiago!", erantzun dio besteak. "Ez, zu bat gehiago!". Eta berriz hasi dira. Egunak joan eta egunak etorri, beti eztabaida beretsua errepikatzen dute. Telebista kamerak aurrean dauzkatenean, bereziki bortitz jarduten dute. Batzuk dagoeneko aitona edo amona izateko adinean ez baleude, barre egingo genuke. Lantzen ari diren gaia hain mingarria ez balitz, lasai ikusiko genuke. Baina Martxoak 11ko batzordea da, eta, ustez, oso serioa da bertan landu beharreko gaia.

Azken bederatzi hilabeteotan telebistaz ikusi dugun zirkuak, hala ere, usteok ezeztatu ditu. Frogatik ezer ez daukaten susmoak, inora ez daramaten bideak, eta inora joan nahi ez duen politikari klasea. Eta heldu zen erditzea: eta Aznarrek 11 orduko eginahala eskaini zion herriari. Parean zeuzkan kargudunek, berriz, nahi zuena egiten utzi zioten. Astebetera etorri zen buelta. Rodriguez Zapaterok 14 ordutan bota zuen bere umea: "Ez dugu ardura politikorik eskatuko".

Batzordea zertarako eratu ote zen galdetzeko unea.  Asteak joan asteak etorri, zertan ari dira politikariak galderei erantzuten, ardura politikorik ez bada eskatuko? Izan ere, epaitegietan ari omen dira martxoaren 11ko ekintzen ardura zehazten, eta batzordean ekintza horien erabilera politikoa argitu nahi zela uste genuen. Baina ez.

Hori bai, martxoak 11ko biktimen taldeko bozeramaileak esandako hitzekin denak penatu ziren. Ordura arte inor ez zen konturatu, antza, joko politiko merkean jardunak zirela, miserable jokatzen ari zirela. "Tonto!", bota du azkenaurrekoak. "Zu bat gehiago!", erantzun dio azkenak. Eta hasi dira berriro ikuskizun negargarriarekin.

Noizko gure koadrila?



Kirolen, haurren eta sketx mutu ustez barregarrien leihoa bihurtu da ETB 1. Horiek atsegin ez dituenak, edota horiek ikusteko adinean ez dagoenak, “Goenkale” eta “Sorginen laratza” aukera ditzake, besteak beste. Baina kontua da, horiek ere agortu samar daudela formulari dagokionez. Hona hemen, erantzunik izango ez duen galdera xumea: noizko Euskal Herriko politikariak, gure gizartea bera, gure ohitura eta topiko arketipikoak astinduaraziko dituen euskarazko umore saio ausart bat? Noizko “Vaya semanita” berari eztena sartuko dion saioa? Noizko, gaztelania traketsa erabili beharrean, euskaraz jardungo duen  eta ospetsu egingo den koadrila zirikatzailea? Aktoreak eta gidoilariak soberan daude horrelako zerbait egiteko.  Baina, ba ote borondaterik?